
Iruñeko Udalak antolatzen duen egile berriendako euskarazko XXXII. Literatur lehiaketak baditu irabazleak. Aurten 18 lan aurkeztu dira (9 narrazio laburren kategorian eta 9 poesian).
Uztailean deitutako lehiaketaren helburua da euskarazko literatura sorkuntza sustatzea argitaratutako lanik ez duten Nafarroako egileen edo foru-komunitatean bizi diren egileen artean.
Lan guztiak aztertu ostean Joxe Aldasororena, Iker Tubiarena eta Ainara Tirapurena izan dira irabazleak narrazioaren modalitatean, eta Ventura Ruizena, Rakel Pardorena eta Malen Alzuartena poesiarenean. Angel Erro idazleak, Amaia Apalauza itzultzaile eta euskaltzainak eta Jon Alonso idazle eta itzultzaileak osatutako epaimahaiak Itziar Aguirre, Iñigo Satrustegi eta Odei Ruizen hiru poesia-lan aipamen bereziarekin saritu ditu.
Sariak 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak izan dira. Gainera, aipamen berezia 250 euroz hornituta dago. Saritutako lan guztiak, aipamenak barne, Udalak udaberrian sarituen parte-hartzearekin aurkeztuko duen Egile Berriak bilduman argitaratuko dira.
Poesia modalitatean, lehen hiru sariak emakumeek irabazi dituzte. Lehena Ventura Ruiz Gomezek jaso du, Heriotza likidoa lanagatik. Poemategi trinkoa da honako hau, batasun eta barne koherentzia handikoa. Itsas hiztegi teknikoaz jantzita, giza esperientziaren alde ilunenak argitzen doazkigu, lirikotasun ongi landuaz. Bigarren saria Rakel Pardo Perezentzat izan da, Poesia kabi eta hilobi lanagatik. Hirugarren saria Malen Alzuart Aranburuk irabazi du Bazaren heinean paradoxa zara lanarekin.
Horiez gain, kategoria honetan epaimahaiak hiru aipamen berezi eman ditu: Itziar Aguirre Sagasetari Sartu ez dena ezin atera lanagatik; Iñigo Satrustegi Andresi Nire-nirea dudan zu-hura-gu-zuek-haiek bat lanagatik, eta Odei Ruiz Sarriasi, Ilaunak lanagatik.