ESZENA

“Break On Stage”, kale kultura eszenatokian

Gaur goizean, Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria zuzendaria den Maitane Leizaolak aurkeztu du BreakOnStage/Kale Kultura Eszenatokian Jaialdiaren X. edizioa. “Edizio guztietan ikusgarriena eta erakargarriena” apirilaren 9an egingo da, Bilboko La Casilla kirol pabilioian.

Kaleko kulturen eta arte-adierazpenen inguruko BreakOnStage jaialdia berriro datorkigu Bizkaira. “Erakustaldi paregabea, ikusgarria eta ez bakarrik kultura urbanoaren zaleentzat, baizik eta edozein musikazalerentzat”, adierazi dute antolatzaileek.
Aurtengoa 10. edizioa izango da eta lau atal izango ditu: munduko Break Dance txapelduna den Jinjo Crew talde korearra etorriko da; ohikoa den Break Dance eszenikoaren txapelketa ere antolatu da; kale kulturari lotutako arteen erakustaldiak eta Londresko Foreign Beggars hip-hop taldearen kontzertua izango dira, besteak beste.

Elorriotik, Euskalduna Jauregitik, Landako Gunetik iragan ostean, 2011ko jaialdia, Bilboko La Casilla pabilioian izango da, hainbat diziplina nahastuz: break-a, video dance-a, hip hopa edo artista grafikoak. Egitaraua 20:00etan hasiko da. Hala, ateak ireki bezain pronto Freestyle gunean aurreneko break mugimenduez eta erritmoez gozatu ahal izango da. Eremu hori Londres hiriko Renegade disko jartzaileak berotuko du.
Handik ordubetera aurtengo edizioko breakdance lehiaketa ofiziala egingo dute. Bertan, honako talde hauek arituko dira: La Smala (Bordele); Crazy Hospital (Bilbo); Rugged Solutions (Holanda); Jinjo (Hego Korea) eta De Klan (Erroma). Gau partean, 22:00ak inguruan, Hego Koreako Jinjo taldeak bigarren erakustaldia egingo du lehiaketatik kanpo. 22:10ean Berlineko 4XSmpler taldeak emanaldia eskainiko du. Alemaniarrek beatbox teknika erabiltzen dute euren ikuskizunetan. Musikariok erritmoak egiten dituzte ahoarekin, aipaturiko beatbox teknika baliatuz. Kontzertu horren ondoren, break lehiaketako lehenengo eta bigarren sailkatuak azken norgehiagoka egingo dute.

Azken bataila amaitu eta gero sariak banatu eta Ingalaterrako Foreign Beggars hip hop taldeak kontzertua eskainiko du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button