
Tabakalerak, Bilboko Institut Françaisekin lankidetzan, Céline Sciamma (Pontoise, Frantzia, 1980) zuzendari eta gidoilari frantses ezagunari eskainitako zine zikloa abiatuko du abuztuaren 31ra arte. Zuzendari frantsesak eginiko film luzeak eta gidoilari gisa beste zuzendari batzuentzat idatzi dituen filmak proiektatuko dira; guztira zazpi film eskainiko dira.
Ziklo honek “Sciammaren unibertso zinematografikoan murgiltzeko aukera paregabea eskainiko du, zinea bizitzarekin nahasten den lekua eta film bakoitza esperientzia bete-betea den unibertsoa”.
Bere zineak male gazeri desafio egiten dio. Kontzeptu horrek “errepresentazio kulturalak begirada maskulino batetik sortuak direla ematen du aditzera eta horrek objektu izatera murrizten dituela emakumeak sarritan, gizonen behar eta nahien arabera irudikatzen delako mundua”. Izan ere, Sciamma Frantziako zinean genero-berdintasunaren eta sexu-aniztasunaren alde lanean diharduen 50/50 kolektiboko kide da.
Zikloa joan den larunbatean abiatu zen Naissance des pieuvres (Water Lilies) filmarekin; karrera amaierako bere proiektua izan zen La Fémis zine eskola ospetsuan. Larunbat honetan, hilak 13, Tomboy (2011) ikusteko aukera egongo da.
Hurrengo asteetan honako titulu hauek pantailaratuko dituzte: (Girlhood) Bande de filles (uztailak 20); Portrait de la jeune fille en feu (uztailak 27); Petite maman (abuztuak 3); Ma vie de Courgette, Claude Barras (abuztuak 24); eta Les Olympiades, Paris 13e, Jacques Audiard (abuztuak 31).