IKUS-ENTZUN

“Gure lurraren xuxurlak” zinema zikloa, Iruñean

Iruñeko Txantreako Liburutegi Publikoan, otsailaren 16tik martxoaren 12ra arte, Gure lurraren xuxurlak izeneko zinema zikloa antolatu dute.

Hiru astez, ohiturekin, sustraitzearekin eta tradizioarekin zerikusia duten euskal zinemagileen lau film ikusgai jarriko dituzte Iruñean. Film guztiak 18:00etan izango dira.

Gaur berton, hilak 16, lehenengo filma pantailaratuko da: Asier Altunaren Amama filma. Amama Altunaren hirugarren lan luzea izan da, aurretik Bertsolari (2011) eta Aupa Etxebeste (2005) filmatu zituen. Horretaz gainera, makina bat film labur egin ditu; tartean, Soroa (2014) eta Zela Trovke (2013). Gaurko filmak familia-istorio bat kontatzen du, nekazal eta hiri guneen arteko gatazka bat, iraganaren eta orainaren artekoa, gurasoek eta seme-alabek arteko ika-mikak. Existentzia bera ulertzeko bi modu ezberdin aurrez aurre: Mundua isiltasun esanguratsutik behatzen duen amona.

Otsailaren 23an, Julio Medemen Vacas filmaren proiekzioa antolatu dute. Hiru belaunalditan zehar, 1875 eta 1936 artean, Gipuzkoako haran txikiko familia biren (Irigibel eta Mendiluzekoak) arteko harremanak nahasiak dira, bortizkeriak, norgehiagoka higuingarriak eta grina sutsuek koskatuak. Baserri banatan bizi dira bi familiak eta baserrien artean muino bat eta baso bat baizik ez dago. Akzioa azken karlistalditik Gerra Zibilera doan denboran gertatzen da, eta familia horien hiru belaunaldien bitartez kontatzen da.

Martxoan bi saio izango dira: 1ean, Montxo Armendarizen Tasio filma pantailaratuko da, eta 12an, Telmo Esnalen Dantza filma.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button