ESZENA

“Urak Ttiki Dire” obra Mikelazulon aurkeztuko dute

Gilkitxaro taldeak Urak Ttiki Dire bere antzezlan berria aurkeztuko du Errenteriako Mikelazulo kultur elkartean, igandean, azaroaren 24, 19:00etan. Galder Perez eta Ane Zabalak antzeztutako, eta Gaizka Sarasolak idatzitako antzezlana hil honetan estreinatu da. Emanaldia ZIZT! ekimenaren barruan egingo da, urte osoan egiten den formatu txiki eta ertaineko obren programa da, EZTENA teatro egunen harira sortutakoa.

Obrari dagokionez, “Ilargik eta Willik basoan topo egingo dute; ez dute elkar ezagutzen. Zapalduriko morkotsa den bidean, iraganeko iratze metak baino ez daude. Ilargi etxetik alde egiteko beharraz doa bertara, hankak freskatu eta garbitzera, etxeko pisutik libre sentitzen baita bertan.
Aitak beti erraten zion bertan izan zela zoriontsuen. Willi, ordea, beste zerbaiten bila dabil, ihesean. Erregea eta bere segizioaren zain dago. Eginbehar garrantzitsua dauka, helburu suntsitzailea eta definitiboa.

Itxaropenak, amesgaiztoak, frustrazioak, maitasuna, bakardadea eta elkar ezin ulertzea behin eta berriz agertzen dira zuhaixkak galdutako hostoz beteriko bidean. Hala ere, bada herri honetako eguneroko bizitzan ondorio asko izan dituen bestelako gai potoloa: borroka, pertsonen arteko borroka, pertsonen aurkako borroka, borroka armatua, borroka poetikoa, existitzen ez diren borrokak, galdutako borrokak, irabazteko borrokak, asmatzeke dauden borrokak…”

Azken urteetan Gilkitxarok Honolulu, leku bat eta Mirande Kabareta lanak antzezten ibili da; eta 8 begi antzezlanean aurreko obra bietako osagaiak uztartzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button