BESTELAKOAK

“Pop Pilulak” fanzineak bosgarren alearen edukiak iragarri ditu

Pop PIlulak pop-kulturaren inguruan ardazten den euskarazko fanzinea da. Duela bi urte abiatu zuen Julen Azpitarte kazetariak hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin, eta abenduan bosgarren alea plazaratuko dute, zeina Durangoko Azokan izango den eskuragarri, The Balde eta Entzun! argitalpenen saltokian.

Bosgarren ale honetan ere, kolaboratzaile berrien lanak irakur daitezke. Hala, Iban Zalduak Bera ez dagoenean ipuina idatzi du, Ramon Zabalegi artistaren ilustrazioarekin jantzita.

Ana I. Moralesek pop-ibilbide haluzinagarria josi du, 70eko hamarkadako Spider-man komikiaren ale batean agertutako iragarki batetik abiatuta.

Horrekin batera, Martin Bidaurrek ardo botiletatik ateratako poemak argitaratu ditu, eta orain arte euskaratu ez den Charles Bukowskiren poema bat ere badakar fanzineak: Hortaz, idazlea izan nahi duzu?, DJ Xoxorriok itzulia.

Amat eta Rocha

Bi elkarrizketa mamitsu ere plazaratuko dira Pop Pilulak argitalpenaren ale berrian, biak ala biak, fanzinearen espirituarekin bat datozenak: Aritz Galarragak Kiko Amat idazle eta kazetari katalana elkarrizketatu du, oraintsu, Chap Chap liburu gomendagarri eta popzalea argitaratu duena.

Bestalde, Antton Iturbe Servando Rocha idazle kanariarrarekin izan da. Rocha La Felguera Editores argitaletxeko kidea izateaz gainera, idazle ere bada, kontrakulturaren eta azpi-kulturen esparruetan maisuki aritzen dena: La Facción Caníbal; Nada es verdad, todo está permitido. El día que Kurt Cobain conoció a William Burroughs; El EjercitoNegro

Ohiko tiroak eta disparateak

Horri guztiari hauexek gehituko zaizkie: Yurre Ugarteren Basquiat ez da hilotz kontakizuna; Txerra Rodriguezen Abangoardiako erretagoardiara; Batman; Oroitzapen erotiko-katodikoak, Baby Huey soul-man pisutsua, Giorgio Bassmattik etengabe entzuten duen diskoa; tatuaje siberiarrak; Vulgákov idazlea; Eremuz Kanpo bikotearen muntaia-lana…

Gogoratu, ale berria Durangoko Azokan izango dela salgai, bai eta ohiko saltokietan ere.

Laster, ale berriaren azala zabalduko dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button