
Uztailaren hasiera Iruñean. Beroa nahi baino era nabarmenago batean azaltzen zaigu. Turistak edonondik datoz, ez dakigu beroaren bila etorri diren ala beroa beraiek ekarri duten. Urtero bezala, kaleak gainezka daude: kamioak, zarata, entzierro-bideko hesia jartzen hasia… hiriburua sanferminetarako prestatzen den bitartean, nik nire urtebetetzea ospatzen dut, kaosaren eta indiferentziaren erdian. Uztailak 2an, urteak betetzen ditudan egun berean, Ernest Hemingwayek bere buruaz beste egin zuen, duela 50 urte. Bera bezalako ehiztari amorratu batentzako tiro bat nahikoa izaten da gizon bat akatzeko, ez aldiz mito batekin bukatzeko. Izan ere, urtero beroarekin batera Hemingway tirokatzen dute, bizirauten segitzeko errituala izango balitz bezala. Alderdi guztietatik mitoa, gizona eta idazlea beraienganatu nahi dutenek armak prest dituzte benetako Hemingway nolakoa zen gogorarazteko.
Ernest Hemingway: pelotazalea, ehiztaria, mozkortia, gerraren berriemailea eta, gehiengoarentzat batez ere idazlea; Edorta Jimenez, marinela, gidoilaria, itzultzailea, kazetaria eta gehiengoarentzat batez ere, idazlea. Bigarrenak lehenengoaren lana, bizitza eta bi horien erabilpenari buruzko ikerketa lana plazaratu zuen San Fermingway. Otras historias de Ernest Hemningway izeneko liburuan (Txalaparta, 2005). Bertan Nobel saridunaren nortasun polemiko eta karismatikoa aztertzen du; bere lanik nabarmenenak testuinguru historikoan eta politikoan kokatzen ditu eta azkenik horren inguruan argitaratutako mota guztietako biografiak eta saiakerak aipatzen ditu. Ibilbide publikoa duen edozein jardueran nabarmentzen den ororen aurrean ez da inoiz falta bere zatiak borrokatuko duen harraparirik, talentua kutsatuko balitz bezala (… talentua garrantzitsutzat balu bezala). Izan ere, kondairak soilik interesek elikatzen dituzte. The sun also rises (Fiesta) sanferminak munduan zabaldu zituen idazlana bilakatu zen. Hala ere, sortutako miresmenak ez zuen frankismoko zentsuraz salbatu (From whom the bells tolls bere liburuarekin gertatu zen modu berean). Atsegin duguna hartu eta ez duguna ezabatu egiten dugu; guk nahi duguna esaten duen idazlea sortzen dugu, inor baino katolikoagoa dena, bere buruaz beste egin baino istripua izan zuena, misoginoa baino neskazalea izandakoa, berekorra baino jeniala izan zena, bortitza baino gizon-gizona, ehiztaria baino basapiztien lagun… Bere lana irakurri gabe gure harrotasunerako balio dezakeen idazlea asmatzen dugu.
Edorta Jimenezi beti eskertuko diot Fernando Pessoaren Libro del desasosiego liburua gomendatu izana. Hala ere, ez dut Hemingwayrekiko duen miresmena eta pasioa konpartitzen. Izan ere, Heminwgayrekin ez dut apenas pasiorik konpartitzen. The old man and the sea derrigorrez irakurri behar izateak ez ninduen batere lagundu. Dekretuz maitatu ala irakurri behar ditugun horiek berehala susmagarriak bilakatzen zaizkigu. Rui Pereira kazetari eta idazle portugaldarrak ere bere beste liburu bat gomendatu zidan, A farewell to the arms: “Anzterkia gustukoa baduzu, liburu hau gustatuko zaizu; oso elkarrizketa interesgarriak ditu”. Pufff… Henri abizeneko soldadu yankia aspergarria eta desenfokatuta iruditu zitzaidan. Emakumearen izenarekin ez naiz akordatzen. Agian hori izan zen Hemingwayek liburu honekin erakutsi zidana : emakumeen izenak zein errez ahazten ahal diren bere liburuetan.
Egia da Hemnigwayek sanferminak bizi eta deskribatu zituela beste inork baino hobeto eta lehenago. Honek ez du gure festak hobeagoak bihurtzen, Nobel sariak idazle hobeak egiten ez dituen bezala, eta gu Hemingway irakurtzeagatik pertsona jantziagoak ez garen bezala. Sanferminak bukatu dira, Hemingway bukatu da. Etorkizun normalizatu batean sanferminak herrikoiak, herritarrontzat izango dira; orduan ere, Hemingway idazlea, bere irakurleentzat izango da.