Euskadiko Filmategiak Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren laugarren edizioa abiatu zuen urrian, eta 70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran jaiotako zuzendarien hamaika film eskainiko ditu udazken honetan.
Zikloaren antolatzaileek esan duten moduan, “Haien errealitatea ez da aurrekoek bizi izan zutenaren bera, eta desberdinak dira haien pertzepzioa, interesak eta begiratzeko modua ere. Zenbait ezaugarrik bereizi egiten dituzte emakumeok aurrekoetatik, baina beste askok eta askok lotu egiten dituzte guztiak. Leku propio bat aldarrikatzeak batzen ditu batzuk zein besteak, eta emakumeek funtsezko eginkizuna dute arian-arian sorturiko ekosistema horretan. Edizio hau osatzen duten fikziozko filmetan eta dokumentaletan, emakume errealizadoreek luze-zabal hitz egiten dute emakumeez, haien munduaz, beren buruaz, lankide eta adiskideez, bidea ireki zuten emakumeez eta ondoan jarraitzen dutenez ere”.
Ziklo horren barruan, bihar, abenduaren 5ean, 19:00etan, eta Artium Museoan, Amaia Nerekan zuzendariaren Bost Minutu filma pantailaratuko dute. Lanaren sinopsia hauxe duzue: Aiurrek sei urte bete berriak ditu. Gauero-gauero egunak kontatzen dituzte amak eta biek, sukaldeko egutegiari begira, zenbat egun falta ote diren aita Endika etxera bueltatzeko. Endikak hamabost urte daramatza espetxe batean, etxetik 540 kilometrora. Aiurrek bi modu izan ditu aitarekin komunikatzeko: hilean behin bisita bat eginda, eta bost minutuko telefono-deien bidez.
Hurrengo egunean, Donostiako Tabakaleran izango da hitzordua.