IKUS-ENTZUN

“Black is Beltza 2: Ainhoa” filma Irunen ikusgai

Irungo Amaia Kultur Zentroan, ekainaren 1ean, Black is Beltza 2: Ainhoa  (Barton Films) filma pantailaratuko da. Aurkezpen eta solasaldian Fermin Muguruza zuzendaria egongo da. Harkaitz Canok, Fermin Muguruzak, eta Isa Campok egin dute filmaren gidoia.

Muguruzak berak azaltzen du nondik datorren proiektua. “1960ko hamarkadan girotutako Black Is Beltzaren amaierak irekita uzten zuen protagonistak, Manexek, pirata eta justizia-gizon erromantikoak, hamarkadaren amaieran eta ondorengoetan gauzatu ahal izango zituen abenturen jarraipena, betiere benetako eta asmatutako pertsonaiak agertuko ziren gertaeretan murgilduta. Tentazioa argia zen, 1968aren bueltan eta 1970eko hamarkada mamitsuaren aurretik. Baina nire ibilbideak ezaugarriren bat badu, hori haustura izan da, ustekabeko lema birak egitea. Kasu honetan, Black Is Beltzaren jarraitzaileek Manexen abenturen jarraipena espero badute aurrerapauso handia emango dugu eta, sanferminetako erraldoiek egiten duten bezala, geure buruaz dantzan, 21 urteko elipsia egingo dugu Amanda eta Manexen alaba protagonista bihurtuz: Ainhoa.”

Eta nor da pertsonaia hori? Ainhoa mirariz jaio zen La Pazen (Bolivia) Amanda ama atentatu parapolizial batean eraila izan ondoren. Kuban hazi eta 1988an, 21 urterekin, Euskal Herrira abiatuko da Manex aitaren lurraldea ezagutzera. Gatazka errepresibo betean, Josune kazetari konprometitua eta bere lagun koadrila ezagutuko ditu. Horietako bat heroina gaindosi baten ondorioz hiltzen denean, Ainhoa eta Josune iniziazio-bidaian murgilduko dira Libano, Afganistan eta Marseilla hiritik barrena. Gerra Hotzaren azken urteak dira eta biak ala biak narkotrafikoko sareek trama politikoekin elkartzen diren mundu ilunean barneratuko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button