ESZENA

BAD jaialdia gaurtik aurrera

Urriaren 23tik azaroaren 3ra luzatuko da BAD, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdia. Programa potoloan 21 konpainiak hartuko dute parte.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen BAD-ek, joera eszeniko berrien ispilu izan nahi du urtero, eta hala, egile garaikideen programazioari, abangoardiari eta arte eszenikoen eta beste arte mota batzuen diziplinari ateak zabaltzen dizkio.

Euskal Herriko, estatuko eta atzerriko 21 konpainiak hartuko dute parte BAD-en XV. edizio honetan. Bertan aurkeztuko diren ikuskizunen artean, hamabi, erabateko estreinaldiak izango dira, horietatik hiru ekoizpen propioak, bi estatu mailako nazioarteko estreinaldiak eta beste sei, ikus-entzuleek Euskal Herrian lehen aldiz ikusi ahal izango diren ikuskizunak. Edizio honetan, Arriaga Antzokiaren laguntzari esker, Artedrama, Dejabu eta Le Petit Théatre de Pain taldeek euskaraz aurkeztuko dute Hamlet lana.

BAD 2013ko eszenatokiak, La Fundición, La Merced ikastetxea, BilbaoArte, eta Campos antzokiko Kupula aretoa daude, baina aurten beste berri batzuk apuntatu dira ekimenean: Arriaga Antzokia, Barrainkuako Udaltegia eta Guggenheim eta Arte Eder Museoak, eta arte eszenikoetarako bitxia den lekua, Deustuko kiroldegia. Azken honetan, saskibaloiko jokalariekin lan bat egingo da.

Aurtengo edizioak ZINEBIren laguntza ere badu, eta zinemaldiarekin batera, ¡Que nos quiten lo bailao!, Cuerpos, música y danza en el cine contemporáneo izeneko zine erakusketa programatu da.


BAD-en XV. edizioak kolaborazio berezia izango du Consonni guneari esker, izan ere, Consonnik BAD-en inaugurazio ekitaldia jasoko du, Pablo Fidalgoren azken poema liburuaren Mis padres: Romeo y Julieta (Ed. Pre-textos) aurkezpenarekin. Aurkezpen ekitaldian Harkaitz Cano idazleak hartuko du parte.
Honetaz gain, Cabello/Carcelerren eta Pablo Marteren azkeneko arte proiektuak estreinatuko ditu: Performer  eta Again again (st) (Arte Eder museoan ikusi ahal izango da urriaren 27an eta azaroaren 3an) eta Marcelo Expósitoren saiakera bat ere aurkeztuko du.


BAD 2013ko programazio guztia, noiz, non eta nola jasotzen duen katalogo osoa deskargatzeko prest dago jaialdiaren webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button