LITERATURA

“Irailekoak” poesia jaialdia asteburu honetan izango da

Irailekoak egitasmoa egingo da Lekeition irailaren 30ean eta urriaren 1ean. Jaialdi hori Euskaltzaindiak, Lekeitioko Udalaren babesarekin, XXI. mendeko euskal poesia aztertu eta zabaltzeko helburuz du antolatu du.

Irailekoak jaialdia Iratxe Retolaza ikertzaile eta euskaltzain urgazlearen mintzaldi mamitsu batekin abiatuko da: Perimetro poetikoak XXI. mendean: neurtezinaren zirrimarrak.
Jaialdira makina bat poeta hurbilduko dira, tartean, Aritz Gorrotxategi, Nerea Arrien, Eric Dicharry, Beatriz Chivite, Itziar Ugarte, Jokin Erkoreka, Libe Goitia, eta Martin Bidaur.
Halaber, beste bazter batzuetako poetek ere parte hartuko dute. Hala, katalanez idatzitako poesia garaikideko bi ahots esanguratsu izango dira Lekeition: Antònia Vicens eta Mireia Calafell.
Musika ez da faltako, eta Inun edota Maite Larburu kantariak arituko dira egun horietan.

Gainera, Lekeition poesiari presentzia handiagoa emateko, geografia askotako egileen bertso-lerroz jantzi dira herriko hormak eta erakusleihoak. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, José Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsi dira.

Antolatzaileek hala definitu dute ekimena: “Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira Irailekoak jaialdian. (…) Azken urteotan euskal poesiak hartu dituen bideei buruz ere hausnartu nahi dugu, eta horretara dator Iratxe Retolazaren hitzaldi mamitsua; horrez gain, han-hemengo poeten lana zehatzago ezagutzen ere lagundu nahi dugu, eta belaunaldi zahar eta gazteagoetako ahotsak eta adierazkerak erkatu”. Ekimena “Euskal Herri osoarentzat antolatu da, poesiak bere toki-denborak izan ditzan gure artean, eta, era berean, Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatur jardunaldien egutegia osatu nahi du jaialdi berriak”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button