MUSIKA

Emanaldi ikusgarriak Bilboko Udal Txistulari Bandaren eskutik

Bilboko Udal Txistulari Bandak 2023-2024 denboraldiari begira kontzertu-programa ederra atondu du. Guztira, zazpi kontzertu eskainiko ditu Euskalduna Jauregian eta beste bat, Gabonetako kontzertu berezia, Campos Elíseos Antzokian.

Bilboko taldeak “berrikuntza erakargarriekin ekiten dio aurtengo denboraldiari eta ikuskizunetara bertaratzen den publikoak erritmo eta melodia tradizionalen eta berrikuntza eta beste musika genero eta estilo batzuen konbinazioaz gozatuko du, baita beste diziplina artistiko batzuekin ere. Horretarako, Gorka Zabaleta buru duen taldeak kolaborazio sare zabal eta heterogeneoa izango du bere emanaldietan. “

Lurra Terra lehen saioa, bihar, urriak 11, izango da, eta azkena 2024 urteko apirilaren 17an. Biharkoan, Bilboko Txistu Bandak, Miren Etxebarriaren ahots eta panderoa, Roberto Etxebarriaren ahots eta trikitixa, Eriz Perez Egiluz gitarrista eta Gorka Eskauriaza baxu jotzailea lagunduta, bidaia musikala egingo du, euskal tradizioaren aberastasuna eta sormenezko proposamen berriak uztartuz.

Denboraldi berriko hitzordu guztietan artista gonbidatu handiak izango dituzte alboan, hala nola, Garazi Navas akordeolaria; Miren eta Roberto Etxebarriaren ahotsak, pandero eta trikitixa; Gurutze Beitia aurkezle, aktore eta umorista; Iñar Sastre piano-jotzaile eta konpositorea; Gorka Eskauriaza baxu jotzailea; Eriz Pérez Egiluz gitarra jotzailea; Onintze abeslaria eta konpositorea, eta Anduriña Zurutuza eta Maite Guevara aktore eta pailazoak, Aldapeko Basque Latin Jazz musika taldearekin fusio saio bat egiteaz gain.

Era berean, beste diziplina artistiko batzuetako taldeak ere taularatuko dira Bandarekin batera, hala nola, Oinkari Dantza Taldea; Juana Picuentos txontxongilo antzerkia eta Zirkozaurre konpainiak; Gorka Ganso clowna; Ahotsak eta Bilbao Musikako haur eta gazte abesbatzak, eta Musikeneko eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko txistu ikasleak.

Agenda guztia kontsultatzeko egin klik hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button