
Gaur, Bilboko Arriaga Antzokian, 20:00etan, Bizkaiko Koplak izeneko saioa ikusteko parada egongo da. Kepa Junkera trikitixarekin eta Xabier Amurizaren ahotsarekin osatuko da kantaldia.
Xabier Amurizaren testu txiki hau jaso dugu koplen inguruan: “Ez dakit kopla zaharrak politak direlako maite ditugun, ala maite ditugulako politak diren. Izenak berak dioenez, Bizkaiko Kopla Zaharrak Bizkaian edo bizkaierazko euskalkian jasotako antzinako koplak dira. Antzinakotasun horrek, kasu batzuetan, hiru-lau mende atzerantz jo dezake. Gehienean, XIX. mendean zehar sortuak izan daitezke, baita, batzuetan, XX. mendearen hasiera inguruan ere. Generoaren barruan, azpisail ezberdinak daude, batez ere, eskerakoak, gabonetakoak eta erromeriakoak. Bizkaian, erromeriakoak edo dantzarakoak dira ugarienak, eta, seguruenik, politenak eta ingeniosenak. Beraz, dibertsiorako, dantzarako sortu ziren. Eta, beti ere, musika tresnaren bat laguntzaile zutela: alboka, dultzaina, bibolina, trikitia… edo perkusio bat, pandero soil bat, esaterako. (…)Testuak xumeak eta konplikazio handi gabeak izan arren, biziera eta giro hura zuzenki edo entzutez ezagutu dugunoi, eta batez ere, biziera hartako hizkuntza bizi izan dugunoi, kopla zaharrak maitagarri egiten zaizkigu benetan.
Erromerietan entzuten ohiturik geunden era tradizionalez harago, ekarpen interesgarria izan zitekeela pentsatu genuen kopla zaharrak eskaintzea, orain arte kantatuak izan ez diren beste dantza doinu batzuetara egokituak. Probatu genuen, eta konbinazio bizia eta indartsua iruditu zitzaigun. Horixe izan zen BETIBIZI proiektua, Kepa Junkeraren, Leioa Kantika Koralaren eta ni neure artean burutua izan zena”.