BESTELAKOAK

Bizkaiko historiaren ibilbidea kartel adierazgarrien bidez

Bizkaiko Foru Aldundiak Hormetan izeneko erakusketa abiatu du Bilboko Ondare Aretoan, kartel adierazgarrien bidez, Bizkaiko historiaren ibilbidea eskaintzeko xedez. 1975etik gaur egunera arte, “kartelak une bakoitzeko errealitatera egokitu dira, eta azken lau hamarkadetan bizi izandakoaren kronista mutu bihurtu dira”. Maiatzera arte izango den erakusketa berriaren komisarioak Kike Infame eta Álex Oviedo dira.

Erakusketak karteletan eta haiek diseinatu dituzten egileengan jarri du fokua, eta lau aldetan zentratzen da: politikoa eta soziala; komertziala; kirolekoa eta kulturala.
Erakusketan garai ezberdinetako kartelen 60 erreprodukzio eta jatorrizkoen hogeita hamar donazio daude, eta horien artean, Nestor Basterretxearen senitartekoen erakusketarako lagapenak nabarmentzen dira.
Nabarmentzekoak ere badira Erramun Mendibelandak utzitako jatorrizko lanak, edo Mari Puri Herrerok utzitako linotipia. Juan Carlos Eguillorren Bilboko jaietarako egindako obra enblematikoekin batera egongo dira biak. Sortzaileak Aste Nagusiko 1978ko eta 1987ko kartelak egin zituen, eta diptiko bat osatu zuen, erakusketan izango dena. Garai berean Joseba Prieto dago, zinema munduko erreferentea, Pedro Olea zuzendari bilbotarrarekin izan duen lankidetzagatik. Azkenik, Albertok, Joxek eta Naiel Ibarrolak ekoizpen artistiko garrantzitsua garatu dute eta Hormetan erakusketan islatuko da.

Politikaren arloan, Bittor Allendek, EMK taldeko kideak, talde horren kartel garrantzitsuenetako batzuk erakusten ditu. Jabi Ubiernak 80ko hamarkadan ezker abertzalearen karteletan aktiboki parte hartu zuen, eta hor daude bere ekoizpenak.
Beste izen batzuk David Abajo, Luis García Campos, edo Markel Urrutia dira.

Erakusketaren osagarri, kartelismoari buruz egin diren liburuen bibliografia oso bat dago, eta gainera, jardueren, hitzaldien eta tailerren programa bat ere antolatu da Hormetan erakusketaren inguruan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button