
BEST, Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketen III. edizioa urriaren 19an egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian, kulturaren sektorean genero berdintasuna sustatzea eta lurraldeko emakume artista eta sortzaileen talentua eta sormena agerian jartzeko helburuz.
BEST ezinbesteko espazioa bihurtu da Bizkaian arte diziplina guztietako emakume sortzaileak batzeko, elkar ezagutzeko, esperientziak eta ezagutzak elkarbanatzeko eta euren arteko sinergiak ahalbidetzeko.
Egitarau oparoa prestatu dute BEST Topaketen hirugarren ediziorako. Hainbat mahai-inguru antolatu dira. Leire Palacios kazetariak dinamizatuko duen lehena Txanponaren bi aldeak lelopea. Ana Gutierrez Zinemakumeak Gara! jaialdiaren zuzendaria, Maria Gorizelaya BBK Aretoko programatzaile artistikoa, Marta Urcelay Musekintza jaialdiko koordinatzailea eta Matxalen De Pedro sortzailea eta Dantzertiko irakaslea egongo dira solasaldian.
Ondoren, 12:00etan, Txanpon baten truke izenburupean, “emakume sortzaileek dituzten plazak zenbat diren eta nolakoak diren” aztertuko du Leire Palaciosek bigarren mahai-inguruan. Bertan hartuko dute parte Toti Martinez de Lezea idazleak, Aranzazu Calleja musikari eta konpositoreak, Eva Guerrero koreografo eta interpreteak eta Onintza Enbeita bertsolari eta kazetariak.
Arratsaldean Cristina Mardaras bertsolariari omenaldi berezia eskainiko zaio ikuskizun formatoan 18:00etatik aurrera. Iurretan jaioa, bera izan zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian lehen aldiz parte hartu zuen emakumea. Horretarako, dantza, bertsoak, interpretazioa eta musika barne hartzen dituen ikuskizuna prestatu dute antolatzaileek sortzaile ezberdinekin: Meñakoz Dantza Taldea, Iratxe Urkiaga aktorea, Mad Muasel rapera, Onintza Enbeita, Haizea Telleria, Enare Muniategi eta Iruri Altzerreka bertsolariak eta Irina Alvarez eta Itxaso Gomez musikariak, hain zuzen ere.