ESZENA

Pasio eta sentimenduen indarrari buruzko istorio basatia

Gaur goizean, Arriaga Antzokiak berak ekoizturiko Dido & Aeneas obraren gaineko xehetasunak eman dituzte prentsaurrekoan. Lan berritzaile horretan Purcellen musika bikaina ingelesez, eta historian lehen aldiz euskaraz interpretatuko diren Marloweren testuen poetika uztartzen dira. Ekoizpen lan berri honen estreinaldia maiatzaren 3an eta 4an izango da, 19:30ean.

Bi lanen arteko konbinazioa “erronka zirraragarria eta basatia izan da talde artistikoarentzat , izan ere pasio basatiari eta sentimenduen indarrari buruzko istorio handi hau eszenara eramatea bidaia ikaragarria izan baita”.

Barbora Horáková Joly eszena zuzendariaren eskuetan egon da Henry Purcellen Dido and Aeneas opera, eta Christopher Marloweren Dido, queen of Carthage lana uztartzeko eta drama liriko barroko bilakaturik oholtzara eramateko ardura. “Dantza, antzerkia eta operaren arteko fusio bat egin nahi nuen kabaret itxurako eszenatoki batetik abiaturik.”

Obran makina bat lagunek hartuko dute parte. Petros Bakalakos musika zuzendariaren batutapean Propitia Sydera Bilbao orkestrak joko du Henry Purcellen opera, eta Ana Sagastizabal, Ainhoa Zuazua, Alicia Manceras, Josu Cabrero, Alesander Perez eta Jose Manuel Diaz ahots bakarlariak izango dira. Nerea Berraondo eta Leon de la Guardia dira Didori eta Eneasi bizia emango dieten ahots bakarlariak, baina benetako pertsonaiak Miren Gaztañagak eta Adrian Garcia de los Ojosek gorpuztuko dituzte. Hauekin batera Joseba Apaolaza, Itziar Lazkano, Mikel Losada, Karmele Larrinaga, Idoia Merodio, Lucia Astigarraga eta Koldo Olabarri antzezleak arituko dira.

Purcellen operaren konposizioak jatorrizko ingelesez entzungo dira, eta Marloweren antzezlana euskaraz antzeztuko da. Hori dela eta, ikuskizun osoak euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko gain-tituluak izango ditu.

Estreinaldiaren datez gain, gaur berton, maiatzaren 2an, konpainiak entsegu orokorra burutuko du arratsaldeko 19:30ean. Arriaga Antzokiak Dido & Aeneas Gaztea ekimena egin  nahi du, eta 30 urtetik beherako gazteei opari ederra luzatu. Hortaz, dohainik joateko aukera eskainiko zaie Arriaga Antzokia Facebooken, Twitterren edo Instagramen jarraitzen duten 30 urtetik beherakoei.

Informazio guztia Arriaga Antzokiak dauka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button