IKUS-ENTZUN

Zineaz eta zinetik hitz egiteko programazioa

Tabakalerak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak, Donostia Zinemaldiaren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren laguntzarekin, zineaz eta zinetik hitz egiteko urteko programazio bateratua aurkeztu dute. 2024ko ekainera bitartean, “hogei zinemagilek baino gehiagok beren sorkuntzak eta beren zinema-proposamenak egiteko garatu dituzten lan-prozesuak hurbilduko dizkiete publiko zabalari”, eta tartean, Jaione Camborda (Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi berri duena), Isabel Coixet zinemagilea eta Sara Mesa idazlea, Isabel Herguera, Juan Antonio Bayona zuzendaria eta Belén Atienza ekoizlea, Itsaso Arana edo Fermin Muguruza daude.

Tabakalerak Kontatutako zinea zikloa jarriko du abian, eta datozen hilabeteetan, hamar bat zuzendarik euren filmen xehetasunak kontatuko dituzte Tabakalerako zinema aretoan. Azaroaren 11n izango da lehen zita Matías Piñeiro adituarekin. Gero honako hauek gerturatuko dira: azaroak 16, Elena Martín; azaroak 25, Michel Gaztambide; abenduak 17, Fermin Muguruza; urtarrilean, Jaione Camborda; otsailean, Isabel Herguera eta Ion de Sosa; martxoan, Celia Rico; eta apirilean, Alberto Martín Menacho.

Beste aldetik, Zinemagileen elkarrizketa Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentura lekualdatuko da, Koldo Mitxelena Kulturuneko obrak direla-eta. Ikastaroak “alderdi pedagogikoa nabarmenduko du, eta bertaratutakoei matrikula egiteko aukera emango die. Matrikula horrek, programan parte hartzeaz gain, tailerrez, topaketez eta beste prestakuntza-proposamen batzuez osatutako programazio osagarri baterako sarbidea erraztuko du.”

Hala, “bi ekimen horiek abian jarri zirenetik hiru urte igaro ondoren, deialdi-gaitasun handiarekin, hiriko publiko eta erabiltzaile desberdinak erakarriz, programa bateratu bat planteatu da, modu koordinatuan diseinatua eta ikasturte osoa hartuko duen egutegia izango duena.”

Xehetasun guztiak: Tabakalera

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button