LITERATURA

Bixente Serrano Izkok “Ene iratxoekin solasean” kaleratu du

Bixente Serrano Izko idazlearen Ene iratxoekin solasean izeneko saiakera kaleratu du Pamiela argitaletxeak.

“Inoiz ez gaude bakarrik, batzuetan uste dugunaren despit. Ez, eta Crusoe ere ez zen inoiz bakarrik egon: bere mamuak izan zituen lagun hasieran, Ortziral gero. Gizakia gizaki denetik, geure baitako solasak izan ditugu, aberatsak oso, askotan, gure baitako hainbat eta hainbat mamu eta iratxorekin etengabe egiten ditugunak. Zertan eskizofreniko izan gabe, logikarekin, adimenarekin, gauzen ikerketen inguruko prisma, ertz, begi zorrotz eta lausoekin zer-begiraturik duten geure baitako iratxo asaldagarri desberdinak ditugu solaskide. Iratxo asaldagarriak, gure lehen bat-bateko begiraden aurrean gauzak etengabe bertze angelu batetik ikustera garamatzatenak, edo bai behintzat saiatu. Horixe, Ene iratxoekin solasean emanaldi hau […].”

Pamielako lagunek honako oharra igorri dute lanaren nondik norakoak azaltzeko: “ Horrela (goian) hasten da Bixente Serrano Izkok prestatu zuen sarrera, 2020ko ekainean utzi gintuen baino lehentxeago idatzia. Liburua urte horretan argitaratzeko asmoa genuen, baina patua bidean gurutzatu zen. Urtebeteko atzerapenarekin bada ere, hemen duzu, irakurle, egileak hainbesteko mimoarekin prestaturiko liburua”.

Bixente Serrano Izko (Saratsa, 1948 – Iruñea, 2020) makina bat lan idatzi zituen: saiakeran, Navarra-Euskadi, un debate popular que urge (Hordago, 1981), Beldurra bera zaldi. Uhalik gabeko askatasuna (Pamiela, 2002), Bakezale gerlari horiek (Pamiela, 2004), Jauzika (Pamiela, 2010), Ipuingintzan, Onkoteak (Pamiela, 1987). Artikulugintzan, 1980ko hamarkadako Korrok aldizkari literarioan hasi zen eta, ondoren, zutabegile gisa, honako hedabideetan aritu da: Euskaldunon Egunkaria, Berria, Euskalerria Irratia, Hala Bedi Irratia eta Argia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.