MUSIKA

Crimen X rap taldeak bere bigarren lana argitaratu du

Irungo Crimen X rap koadrilak Lo llamaron crimen izenburuko bigarren lana argitaratu du. Diskoa autoekoitzia da eta sarean dago eskuragarri. Lan horrekin batera Intocables de la X kantuaren klipa ere plazaratu du.

Diskoak harrera ona izan du rapzaleen artean, baita estilo horretan espezializaturiko hedabideetan ere. Hala, kritika positibo horiei esker, jarraitzaileen kopuruak nabarmen egin du gora. Taldearen soinuan azpimarragarriak dira erritmo sendo eta pisutsuak, errima zorrotzak eta zuzeneko bortitzak.

Diskoan, berriz, 13 pieza bildu dituzte eta Kallid-ek ekoitzi ditu ia kantu guztiak bi izan ezik; azken horiek Blacka-k ekoitzi ditu. Etxean grabaturiko lana da, baina Dive-k masterizatua Bartzelonan.

Laster diskoa zuzenean aurkeztuko dute eta kontzertuotan diskoa eskuratu ahal izango da bost euroren truke. Honatx data batzuk: 2012ko urtarrilaren 20an Santanderko Black&White aretoan izango dira eta 21ean, halaber, Donostiako Antiguoko jaietan. Gero Bilbotik, Gasteiztik eta Logroñotik igaroko dira, besteak beste.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button