MUSIKA

Ladislao eta Libe, Bonberena Ekintzak-en lan berriak

Tolosako Bonberenea Ekintzak diskoetxeak bi disko berri argitaratu ditu: Ladislao punk-rock bandaren Pantailak eta Libe musikariaren Ihesaldi Handia.

Ladislao taldean hainbat talde gihartsutan aritutako musikarien egitasmo berria da: Xabier Lekuona (Captain Nemo, Fist Fucking), Josu Errasti (Eskoriatza, Heriotza, Captain Nemo), Joseba Artza (Brigada Criminal, Fist Fucking) eta Iker Artza (Brigada Criminal, Los Rockinson). Beraz, lazkaotarren Pantailak grabazioak punk-rock eta hardcore erritmo bizi biltzen ditu; guztira, dozena bat doinu, azkarrak, motzak eta energia handikoak.

Bestalde, Libe García de Cortázar (Libe) ere ibilbide luzeko musikaria da, izan ere, egun, Izaki Gardenak taldean teklatua jotzen du. Aurretik, Neubat, Ekon eta Sorkun taldeetan ere aritu zen.

Ihesaldi Handia diskoan, baina, bere doinu propioak jaso ditu Libek, eta kantuok lantzeko Joseba Ponce (Dut, Lisabö, Kuraia) musikariaren laguntza izan du. Diskoa, halaber, Karlos Osinagarekin grabatu du, eta grabazio saioetan, Atxus baxu-jotzailea (Neubat, Sorkun, Vicepresidentes), Txus Villalabeitia (Same Old, Eh!) gitarra-jotzailea eta Eneko de Arza (Naüt, Trumbo) bateria-jotzailea izan ditu lagun. Emaitza, rock ilunez bustiriko lan malenkoniatsu bezain sendoa da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button