BESTELAKOAK

“Harako Gabriel Aresti hartaz” zikloa Bilbon

Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiak abiaraziko du aste honetan, Harako Gabriel Aresti hartaz izenburupeko ekimena, Bilboko poeta izan zenaren gorazarrez.

Gaur berton hasiko dira ekitaldiok, Xabier Monasteriok Kafe Antzokian eskainiko duen Arestiri gorazarre hitzaldiarekin. Biharamunean (urriak 9) Rafa Ruedak, Anje Duhaldek eta Josu Zabalak Arestiren kantuen gainean saio berezia osatuko dute.

Asteazkenean (urriak 10) Patxo Telleriak zuzendutako Diot dokumentala, non idazlearen bizitza, testuingurua eta hainbat lekukotasun ikusiko diren. Ostegunean (urriak 11), Kafe Antzokitik zuzenean, Soinugela irratsaioaren emanaldi berezia eskainiko du Bilbo Hiria irratiak. Pedro Elias Igartua musika adituak Arestiren garaian, hau da, 60ko eta 70eko urteetan, poesia sozialak gure inguruan eduki zuen eragina aztertuko du.

Amaitzeko, larunbatean (urriak 13), txango kulturala egingo da Edorta Jimenez idazlearen eskutik, Arestik berezi bilakatu zituen Bilboko zenbait toki eta kale bisitatuz. Horrelako leku berezi batean, geldiunea egingo den bakoitzean olerki bat irakurriko da.

Honetaz gain,  urriaren 8tik 14ra bitartean, Arestiren ibilbide pertsonal eta literarioaren berri ematen duen 14 panelez osaturiko erakusketa bat paratu da Kafe Antzokian.

Ekitaldi guztietarako sarrera doakoa izango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button