ESZENA

Teatrodix jaialdia, antzerki sozial eta komunitarioa

Teatrodix jaialdia, Nafarroako antzerki sozial eta komunitarioaren jaialdi bat da, irailaren 18tik urriaren 15era bitartean burutzen ari dena, eta Kidetza-bizikidetza gaia landuko duena. Guztira, eta hirugarren urtez jarraian, zazpi lantegi eta hamar emanaldi antolatu dira Iruñean, Azkoienen eta Tuteran, publiko zabalari begira. 2021ean sortu zen jaialdiak honako helburu hauek ditu: arte eszenikoei balio handiagoa ematea gizartea eraldatzeko tresna gisa; zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboak edo pertsonak inplikatzea eta gizartea haien errealitateaz sentsibilizatzea; eta harremanak izateko moduak birpentsatzea, partekatzen dugun gizarteari buruzko begirada kontzienteagoa lortzeko.

Aurten programa bi zatitan banatuko da. Lehenengo zatia irailean garatuko da, eta sorkuntza-prozesuen prestakuntzara eta garapenera bideratutako ekintzez osaturik izango da; bigarrena, urrian egingo da eta antzezpen eta lantegi metodologikoak izango dira. Goian aipaturiko lelopean antzerki soziala, antzerki komunitarioa, zapalduaren antzerkia, antzerki-foroa, antzerkiterapia eta soziodrama atalak antolatu dira.

Iragan diren tailerrez gain, hil honen 29an eta 30ean hasi eta urriaren 1era arte, Nafarroako Antzerki Eskolarekin eta Adriana Olmedoren Ekintza Iraultzailearekin elkarlanean, lantegi artistiko bat eskainiko da David Diamond arte-zuzendariarekin. Kanadar hau Theatre for Living antzerki konpainiaren sortzailea da.
Gainera, irailaren 29an, NUPeko antzerki-taldeak, Oscar Orzaizek zuzenduta, Injusta Justicia, taularatuko du Azkoienen. Nafarroako hamaika egilek justiziari, komenigarritasunari, genero-indarkeriari, gizarte-araudiari eta meritokraziari buruz sortutako eszenen multzoa

Urriaren 10etik 15era, goizez, programaturiko lantegiak izango dira, eta horretaz gain, Iruñeko Nafarroako Antzerki Eskolan hainbat antzezpen taularatuko dira.

Programazio guztia hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button