BESTELAKOAK

Bilboko 7 Katu gaztetxeak 15 urte bete ditu

7 Katu gaztetxea zoriondu behar dugu 15 urte bete dituelako. Horren harira egunotan egitarau ederra atondu du ospakizunak behar bezala egiteko.

Aurreko egunetan gai interesgarri zenbaiten gaineko hitzaldiak eta solasaldiak antolatu dira, eta gaur, hilak 27, antzerkia izango da protagonista. Umorez josita etorriko da gainera, izan ere, Mikel Martinezek Tabernaria antzezlana egingo du. Tabernaria bakarrizketa Patxo Telleriak idatzi eta zuzendu du eta, Mikel Martinezek aktore lanak egiten ditu. Cafe Bar Bilbao Sariaren 15. edizioan, Patxo Telleriarentzat sari berezia izan zen, azken urteotan euskal dramaturgian egindako lanagatik eta, zehazki Tabernaria: instrukzioak botatzeko ondo bat kaña teatro laburreko lanagatik.
Bertako eszenan tabernariak bere ohiko bezeroak biltzen ditu, kaña bat ondo botatzeko instrukzioak emateko aitzakiarekin. Baina bakarrizketa aurrera joan ahala, tabernariak beste kontu batzuez hitz egingo digu, bere beldurrez eta desirez, zein beste gai sozial batzuez ere. Geroago Getari Etxegaraik GGG eta ez gaude konforme izeneko bakarrizketa egingo du, eta eguna amaitzeko Sigeruban eta Pula Gzonen rap doinuak entzun ahalko dira.

Larunbatean ere zertaz gozatzeko izango da. Ibilaldi historiko bat, poteoa, eta bazkaria egunean zehar, eta arratsalde partean musika La Tokorera, Keniama eta Uki Selektah taldeekin.

Eta azkenik igandean bertsoa izango da protagonista. Miren Amuriza, Jone Uria eta Josune Aramendi bertsolariak bilduko dira bertso ederrak kantatzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button