ARTEA

Picassoren grabatuekin osatutako erakusketa inauguratuko dute gaur Durangon

Pablo Ruiz Picasso (1881-1973) pintoreak 1937an egindako grabatuekin ondu dute Picasso: Durangotik Guernica-ra erakusketa, zeina gaur inauguratuko den, 18:30etik aurrera, Durangoko Arte eta Historia Museoan.

Italiako Legio-abiazioak gaurko egunez, duela 80 urte, Durangon gauzatutako bonbardaketa gogorarazi nahi dute erakusketaren bidez. Horretaz gainera, Durango ondoko Gernika udalerrian izandako bonbardaketaren harira Picassok egindako Guernica margolana ere omendu nahi dute.

Espainiako Errepublikako gobernuak eskatuta egindako obra ezagun hori egin baino lehen hasi zuen Picassok Francoren amets eta gezurra izenburuko grabatu-saila, lan askeagoa eta garratzagoa. Grabatu horiek pintore malagarraren lehen lan politikoa osatzen dute, izan ere, jeneral kolpistaren kontrako propaganda gisa diseinatu zituen, gobernu errepublikarraren mesedetan.

Obra horren ale batzuk Parisen, 1937an, egindako Nazioarteko Erakusketan eskaini ziren, eta Juan Larrea idazle bilbotarrak hiru karpeta eskuratu zituen, bai eta hil arte gorde ere.

Karpeta horien edukia da, hain zuzen, Durangon ikusgai izango den obra, gaurtik aurrera eta maiatzaren 1era arte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button