ARTEA

Oparo dator Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaoren udako programazioa

Bilboko Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaok udako programazioa aurkeztu berri du eta hiru ekimen nagusi jasoko dira hilabete honetan hasi eta irailera bitartean.

Batetik, Nestor Lizalde artistak Akelarre elektrikoa instalazioa jarriko du abian, ostegunean uztailaren 4an, eraikin honen terrazan. Artista honen lanak baliabide berriak erabiliz, artearen munduan azaldu diren aukera berriak ikertzen ditu, eta horrela, “hizketaldi bat sortzen du esperimentazio teknologikoaren eta tradizio artistikoaren artean”, azaltzen dute antolatzaileek. Pieza hau arte elektronikoko lagin bat da eta zentroko goiko arkitekturan agertzen da ordenagailuz kontrolatutako argitze-sistema batez egina. Instalazioa, Zentroko terrazan egongo da ikusgai egunero, arratsaldeko zortzietatik, gaueko hamaikak bitartean.

Egun berean, Urbanbat hiri-berrikuntza bulegoak ekoiztutako Identitata identitateei buruzko proiektu kolektiboa zabalduko da; identitateen eraikuntzan betetzen den zereginaz, zenbait eragilek  egiten duten hausnarketaren emaitza. “Etengabeko globalizazio ingurunean, bisitariak parte-hartzera gonbidatzen dituen jolas plastiko baten modukoa da”, argitzen dute antolatzaileek. Sorkuntza kolektiboko instalazio hau, gainera, kultura-lankidetzako smARTplaces programa europarreko URart proiektuan sartuta dago, sei herrialdetako zortzi museok eta 2 ikerketa eta sorkuntza zentrok lagundutako sarean.

Eta uztailaren 18tik 27ra, igeriketa sinkronizatuaren Itsas hondoan, dragoi bat ikuskizuna eskainiko dute Julia Echevarria eta Andrea Fernandez Botelho igerilariek. Konposizio koreografiko hau, beren beregi  sortutakoa da Azkuna Zentroko igerilekurako eta  “dantzaren, kirolaren eta zientzia fikzioaren arteko bide erdian kokatzen da obra eta alderantziz jartzen du ikusleen ikusmen espaziala, ur azpian kokatzen baitu literalki”, argitu dute antolatzaileek.

Era berean, eraikin honetako Fatxada Proiektua ere aldatu egingo da uda garaian.  Hala, Arrikibar plazako sarrera eraldatu egingo da ilustrazio, komiki eta diseinuaren inguruko hiru interbentzioekin. Horretaz arduratuko dira, dagoeneko ikusgai dagoen Naiara Goikoetxearen Tres Gracias erakusketa, eta uztailaren 15etik aurrera, Leire Urbeltz artistaren Las Partes de la Malinche lanaren piezak. Irailerako, Susana Blasco diseinatzaile grafiko, ilustratzaile eta collage egilearen lana iragarri dute.

Programazioaren xehetasun eta informazio guztia,  azkunazentroa.eus web atarian duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button