IKUS-ENTZUN

“Gartxot” filma proiektatuko dute Uhagon kulturgunean

Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean Gartxot, Konkista aitzineko konkista filma ikusi ahalko da gaur 20:30etik aurrera. Filma ikusi ez ezik, Juanjo Elordi eta Asisko Urmeneta pelikularen zuzendariekin aritzeko aukera ere izango da. Aurkezpen-ekitaldia emanaldia baino ordubete lehenago hasiko da.

Arturo Campionek 1917an idatziriko narrazioak XII. mendeko bardo baten bizitza kontatzen digu filmak: Bardo deitzen zaio herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantariari. Eta horixe da Orreagako abade berriak nahi ez duena. Hargatik, Gartxot, bertako bardoa, deserriratu eta Mikelot, haren semea bahituko du latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Baina Mikelotek ihes egingo du eta berriro hasiko da kantuan aitarekin, herriz herri.

Lau urteko lana izan da filma eta hasieran talde txiki bat baino ez zena, 20 laguneko lantalde bihurtu da azken urtean. Prozesuan Somuga ekoiztetxeak, REC soinuetxeak, ETBk eta Bartonfilms banatzaileak parte hartu dute. Horietaz gain, hainbat erakunderen diru-laguntza era jaso du.

Gainera esan behar da, Asisko Urmeneta eta Juanko Elordik zuzendutako eta Somuga ekoizpen-etxe gipuzkoarrak ekoiztutako Gartxot filma Galizako pantailetara heldu dela gaur, euskarazko jatorrizko bertsioan eta galegozko azpitituluekin. Animaziozko filma Santiago de Compostelan aurkeztu zen ostegun gauean, Asisko Urmenetaren A deconquista do Navarra. Sobre cinema, animaçon e imaginario colectivo, izenburuko hitzaldi batekin.

Bestalde, bihar eta toki berean, kontzertua izango da, 20:00etan.
Hala, Keu Agirretxeak gitarra jotzaile ondarrutarrak azken lau urteetako kantuak joko ditu, tarte instrumentalak eta inprobisazio uneak baztertu barik. Berako Petti kantari eta gitarra jotzailea, halaber, Rafa Aceves musikariaren laguntzarekin arituko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button