MUSIKA

Kepa Junkera sinfonikoena

Gaur goizean, Euskadiko Orkestrak abiaturiko KlasikAt ekimenarekin bat eginez, Kepa Junkera musikagileak EOSekin burutuko dituen hainbat kontzerturen errepertorioa azaldu du.

Hala, martxoaren 23 eta 24an, 20:00etan, eta Bilboko Arriaga Antzokian, Kepa Junkera eta EOS eskutik helduta entzuteko parada galanta egongo da. Biak ala biak ibilbide sinfoniko bat eskainiko dute kolaborazio berezi honetan.

Elkarkidetza honetan bi atal ezberdindu ditu Junkerak, “niretzat ametsa da EOSekin jotzea, eta honek sortzen dizkit sentimendu intransferibleak. Eta gero, bestetik, honetatik guztietatik disko berri bat atera da, Ipar haizea izenekoa Hau nire lehen disko sinfonikoa da”

EOS eta Kepa Junkerak, bilbotar trikitilariaren erritmo ezagunenetako batzuk haizatuko dituzte bost kontzertutan. “Proiektu instrumentala da eta era berean konplexua. Nik, nire ibilbide musikaletik, zortzi lan aukeratu ditut eta erritmo popular horiek orkestra batekin uztartuta entzungo dira. Hala, panderoa, trikitixa eta txalaparta euskal instrumentuak, musika klasiko, garaiko eta hainbat soinu bandarekin batera ageriko dira.”

KlasikATen edizio berri honek, Arriaga Antzokian martxoaren 23an eta 24an emango diren kontzertuez gain, beste emanaldi hauek ere eskainiko ditu: Iruñeko Baluarte (martxoaren 21a), Donostiako Victoria Eugenia Antzokia (martxoaren 22a), eta Gasteizko Principal Antzokia (martxoaren 28a).

 “Bilbao Distrito Jazz” bihar hasiko da

Bestalde, Bilbao Distrito Jazz jaialdiaren hamahirugarren edizioa bihar hasiko da, eta ohikoa denez, gaur egungo jazz gazteenaren eta freskoenaren aldeko apustua egingo du ekimenak.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bilbaina Jazz Club-arekin elkarlanean, sustatu du bihar bertan hasiko den kontzertuen eskaintza. Ekimena, martxoko eta apirileko ostiral guztietan egingo da 20:00etatik aurrera, Begoñako, Otxarkoagako eta Errekaldeko udaltegietan, Solokoetxe Institutuko ekitaldi aretoan, Bidebarrietako Liburutegian eta Juan Crisóstomo de Arriaga Musika Kontserbatorioan.

Hainbat estilotako nazioarteko bost bandak hartuko dute parte. Eri Yamamoto japoniar piano jotzaile gaztea, Felix Rossy tronpeta jotzaile gaztea eta Eskandinaviako jazzaren erreferente den Carl Winter Trio, besteak beste arituko dira Bilbon.

Guztira sei emanaldi izango dira eta lehena bihar, martxoaren 9an burutuko da, Otxarkoagako Udaltegian, Felix Rossy tronpeta jotzailearen boskotearekin. Martxoaren 16an, Scott Hamilton & Toni Sola Quintet taldearen emanaldia izango da. Hurrengo astean, martxoaren 23an, Errekaldeko Udaltegian, Clara Lunaren eta Xavi Mauretaren txanda izango da, Coleing Porter! lanarekin.

Esan bezala, Eri Yamamoto piano jotzaile japoniar gaztearen kontzertua jasoko du martxoko azken ostiralean, eta Carl Winter Trio taldeak apirilaren 13an joko du Begoñako Udaltegian. Bilbao Distrito Jazz programaren hamahirugarren edizio honen amaiera, Carlos Velasco buru duen bertako bandaren esku egongo da, apirilaren 20an, Solokoetxeko Institutuan.




Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button