
Artium Bildumako 26 lan paratuko dituzte Donibane Lohitzuneko euskal arte garaikideari buruzko erakusketa batean. Ipiña Bidaurrazaga Bildumako 70 lanen sorta aurkeztuko da erakusketan, batzuk gasteiztar zentro-museoaren funtsetan gordailuz daudenak. Erakusketa Donibane Lohitzuneko Villa Duconteniako aretoan egongo da (ekainaren 24tik, ostirala, abuztuaren 22ra, astelehena).
Erakusketak XX. mendearen bigarren erdiko eta XXI. mendearen lehen hamarraldiko euskal artearen ikuspegi eklektiko bat eskainiko du, Bilboko Ipiña Bidaurrázaga bilduma pribatuko lanekin. Ikusgai egongo diren lanen heren bat baino gehiago bi bildumagile horiek joan den irailean Artium zentro-museoan gordailuz utzi zuten multzokoak dira.
Erakusketaren inaugurazioan (ekainaren 23an, osteguna, 17:30etik aurrera), Artium Fundazioaren Batzorde Betearazlearen lehendakaria, Malentxo Arruabarrena, eta Bildumaren artatzailea, Enrique Martínez Goikoetxea, egongo dira.
Euskal arte garaikidea erakusketarako Artiumek utzi dituen lanen artean Amable Ariasena (Hombre de pelotitas, 1974), Txomin Badiolarena (Izenbururik gabekoa, 1983) eta Carlos Irijalbarena (El sentido de la dirección, 1977) daude.