LITERATURA

Bihar abiatuko da “Sastraka/Maleza” erakusketa, Oihaneder Euskararen Etxean

Pello Lizarralde, Jose Ignacio Agorreta, Imanol Ubeda, eta Imanol Rayo sortzaileek burututako diziplina hibridazio bat da Sastraka/Maleza erakusketa. Bihar bertan irekiera-ekitaldia burutuko dute Oihaneder Euskararen Etxean, 19:00etan.

Horren guztiaren sorreran Pello Lizarraldek Juan Ignacio Agorreta margolariari bidali zion testu bat dago. Hala dio Lizarraldek: “Urteak eman genituen José Ignaciok eta biok esanez zerbait egin behar genuela elkarrekin. Azkenik 2019ko udan Sastraka izeneko testu bat idatzi nuen. Zalantza handiak izan nituen hari bidali aurretik, iruditzen baitzitzaidan nik idatzitakotik ezin izango zuela askorik atera, eta horixe esan nion helarazi nionean. Banekien nik proposatzen nionak “kanpora irtetera” behartzen zuela. Oker nenbilen. Ez nuen asko uste hain suhar agertuko zenik aurkeztu niona ikustean. Berehala adierazi zidan zein zen bere asmoa, zenbat lan egin nahi zituen eta zein epetan. Bere lehenengo koadroak ikusi orduko nik ere ez nuen zalantzarik izan: merezi zuen emaitza erakustea eta, gainera, liburu batean biltzea”.
Oinarri bera hartuta, handik gutxira, Imanol Ubeda musikariak hamabi kanta ondu zituen, eta Imanol Rayo zinemagileak argazki bilduma.

Testu horretatik abiatuta sortu den guztia Gasteizen izango da ikusgai. Bertakoa 12 testu elebidunekin, bakoitza dagokion margolanarekin, argazkiekin horma-irudi batekin eta Ubedaren albumarekin osatu da.

Horren inguruan bestelako ekitaldiak ere burutuko dira. Hala, maiatzaren 8an, 12:30ean, Don Inorrez taldeak kontzertua eskainiko du, eta 14an, 12:00etan, bisita gidatua gingo dute Pello Lizarraldek, José Ignacio Agorretak, Imanol Ubedak eta Imanol Rayok.

Sastraka/Maleza bidaia labur bat da, “ezinezko bidaia bat. Heriotzaren kontzientzia, apur bat bada ere, izan orduko, gero eta maizago harrapatzen gaitu iraganera itzultzeko bidea hartzeak. Eta itzuli egin behar jakiteko bidearen buruan itzalak eta dezepzioa besterik ez dagoela eta irtenbideren bat bilatzera behartuta zaudela.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button