ARTEA

Abiatu da Getxophoto “Etena!” lemapean

Getxophoto Irudi Jaialdiaren hurrengo edizioa bihar hasiko da, eta ekainaren 25era luzatuko da. Egun horietan guztietan, María Ptqk komisarioaren eskutik, jaialdiak duen potentzial politikoa aztertuko da Etena! izenburupean.

“Jaialdiaren 17. edizioa geldi, stop, ETENA! esateko espazioa izango da. Korrika doan mundu honen inguruan hausnartzeko eta emankorrak ez izateko eskubidea aldarrikatzeko. Erritmoa jaisteko, moteltzeko, «ezin dut» esateko, «ez dut nahi» esateko. Zer esan nahi du ezer ez egiteak? Zer beste denbora irabazten dugu denbora galtzen dugula ematen duenean? Zein da irudien eginkizuna kasu honetan? Gelditzea bihurrikeria ekintza bihurtu da, eta horregatik gonbidatu nahi zaitugu hainbeste behar dugun ETENA! hori eskatzera”.

Jaialdiak hainbat jatorritako (Suitza, Japonia, Maroko, Ekuador, Mexiko, Argentina, Erresuma Batua, Brasil edo Grezia) 22 artista bilduko ditu, eta horien lanak Algortako erdigunean, Ereaga hondartzako pasealekuan eta Romo Kultur Etxean erakutsiko dira. Punta Begoñako galeriak jaialdiko beste puntu garrantzitsu bat izango dira.

Jaialdiak Algortako Gwendolyne diskoteka mitikoa omenduko du, eta erakusketa bat egingo du Algortako Kasinoan, bertako bezero zaharrek lagatako artxiboko materialez eta irudiz osatuta.

Hainbat elkarrizketa ere programatu dira, eta bertan izango diren protagonista batzuk honako hauek izango dira: Elisa Medde (FOAM aldizkariaren argitaldaria, Amsterdam), Marta Gili (École Nationale Supérieure de la Photographieko zuzendaria, Arles), Luis Juárez (Balam aldizkariaren argitaldaria eta Migra azokaren zuzendaria, Buenos Aires), Marco de Mutiis (Fotomuseum Winterthurreko komisario digitala, Suitza) edo Alba Lafarga (kultura kudeatzailea eta bideo-saiakeragilea, ohiko laguntzailea CCCB zentroan, Bartzelonan).

Getxophoto Jaialdiaren webgunean erakusketa guztien gaineko informazio zehatza duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button