ARTEA

Senegaleko argazkiak Iruñean, Adolfo Martinez argazkilari nafarraren eskutik

Iruñeko Contraluz galeriak Adolfo Martinez (Iruñea, 1951) argazkilariaren Zuek erlojuak dituzue, guk, ordea, denbora erakusketa hartu du irailaren 5era bitartean. Erakusketan Senegaleko biztanleen potretak paratu ditu Martinezek.

Amaia Aranguren Arrietak idatziriko oharrean jasotzen denez, Martinezen argazkien errealismoaren azpian pintore klasiko baten ikuspegia dago, iluminazioari eta konposizioari dagokienez batik bat. Bere irudiak indar lerro zabal eta lasaietan egituratzen dira, eta marra horiek argiaren eta kolorearen potentzia moteltzen eta orekatzen dute, modeloen keinuen antzera. Horrela, erretratutako lagunak modu naturalean agertzen dira, baina adierazkortasunez beteak. Argazki kolektiboetan, berriz, Senegaleko egunerokotasuna islatzen da.

Izan ere, argazkilaria hainbat aldiz izan da Afrikako herrialde horretan. Ezagutza horrek exotismoaren erretorikatik urruntzea ahalbidetzen dio errealismoa gordez. Argazki galerian askotariko pertsonaia eta jarrerak jasotzen dira, eta aberastasun humanoaren ikuspegi sentikorra osatzen dute.

Laburbilduz, Martinezek Senegalen begirada atsegina eta lasaia eskaintzen du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button