ARTEA

Bi tradizio artistiko hizketan

Bilboko Berreginen Museoak eskultura klasikoaren eta literatura islamiarraren arteko loturan oinarrituriko Şuwar al-Rũm. Islam. Eskultura Klasikoa erakusketa aurkeztu du, irailaren 14ra arte ikusgai izango dena. Lau sail tematikotan antolatuta dago, eta arte klasikoak literatura islamiarraren ikuspegitik zer-nolako harrera izan duen aztertzen du.

Bilboko Berreginen Museoak urrunak diren bi tradizio artistiko (eskultura klasiko greko-erromatarra eta literatura islamiarra) hizketan jarriko ditu oraingo honetan.
Sorkuntza kolektiboa izan da: “Jorge Elices Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko (CSIC) ikertzaileak eskultura klasikoak literatura islamiarrean izandako harrerari buruz egindako azterlana du abiapuntu. Itziar Martija Bizkaiko erakundeko teknikariak lagundu dio Elicesi erakusketa-proiektuan. Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko Jonatan Pérez Mostazok eta CSICeko kide eta arabierako itzulpenen arduradun Patricia Carina Sánchezek osatu dute talde sortzailea”.

Hortaz, ekialdearen eta mendebaldearen arteko kultur trukeak aztertuko dira bi adierazpide erabilita: eskultura eta literatura. Guztia, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz.

Erakusketak jorratzen duen ideia bat hau da: garai kolonialeko ondare eta kultura-mugimenduak eragiten duen konplexutasun emozional eta afektiboa. Izan ere, “arte klasikoak mendebaldean nahiz mundu islamikoan mendez mende eragindako emozio eta erantzunetan sakontzen du erakusketak, eta mundu islamikoak Grezia eta Erromako ondarearekin duen harremana aberatsa bezain konplexua dela ikusarazten. (…) Kultura islamikoek, ondare klasikoa baztertu beharrean, elkarrizketa etengabea sortu dute giza gorputzaren antzinako irudikapenekin, eta zentzu berritua eman diete irudikapen horiei, betiere beren balio estetiko eta espiritualen testuinguruan”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button