ARTEA

“XXIII. Argazki Bilera” ekimenaren segida, Zarautzen

Urteroko legez Zarauzko Photomuseumek 2015eko Argazki Bilera martxan jarri du. Aurtengo edizioko erakusketetan askotariko teknikak (ikatzezko-transferra, argazkigintza estenopeikoa, ferrotipia) eta genero fotografiko desberdinak (erreportajea, argazkilaritza artistikoa, natura- argazkigintza) ikusi ahalko dira.

Ekimenaren helburu nagusia, ohikoa den bezala, argazkigintzak dituen aukera zabalak publikora hurbiltzea da. Horretarako hainbat tokitan erakusketak antolatu dira.

Sanz Enean, Maider Kuadra artistaren Zilarrezko irudiak izeneko lana paratu da, maiatzaren 31ra bitartean. Berak dionez, “Kolodioi-hezean espezializatu naiz, teknika horrekin gauzatzen direlako bai ferrotipoak, bai anbrotipoak, eta baita proiektu hau ere. Argazkigintzaren genero fotografiko batzuek jorratuz (erretratua, natura-hila eta paisaia) Euskal Herriaren nire ikuspegi bat sortzen dut, eta bertan ikusi ahal izango dira jantzi tradizionalak, erremintak eta bere edertasunagatik guztiok ezagutzen ditugun lekuak.”

Sanz Enean ere, Jon Andoni Martinek Argazkiak hitzetan, hitzak argazkietan izeneko seriea jarri du. Objektiborik gabe, zulotxo edo estenopo bat haren ordez, eta kamera ilunaren barrura isurtzen da irudia. Kamera izan daiteke pospolo-kaxa, gela bat edo baita furgoneta bat ere. Erakusketan hiru argazki-multzo jarri dira: estenopeikoak paper foto-sentikorraren gainean, estenopeikoak argazki-pelikularen gainean eta solarigrafikoak paper foto-sentikorraren gainean, eguzkiaren zuzeneko arrasto gisa, kimikoki prozesatu gabe.

Azkenik, Photomuseum aretoan, Marivi Ibarrolak Lo juro por los Ramones izeneko erakusketa paratu du. Erakusketan 80ko hamarkadaren 80 argazki bildu ditu  egileak, bere artxibo pertsonaletik hautatuak. “Urte haietako punk rock talde musikalak eta kontzertuak dira, bereziki Donostiakoak, baina beste jende eta lekuek badute ere bere tartea”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button