BERTSOTAN

Bi adiskide mugaz gaindi: Uztapide eta Xalbador

Manuel Olaizola (Uztapide) eta Fernando Aire (Xalbador) bertsolarien arteko adiskidetasunaz idatzi du Pako Aristik. Euskal Herriak eman dituen bertsolaririk handienetakoak, euskal kulturaren erraldoi bilakatu dira.

Bata Zestoan jaio zen, eta bestea, Urepelen, baina distantzia horrek ez zuen bion arteko laguntasuna kamustu, eta bertsolari handiak izateaz aparte, lagun handiak ere izan ziren, beti ere bertsoaren munduan barneraturik. Elkarri idatzi eta bidaltzen zizkioten gutunetan bertsoak, estimu handiz. “Bien tartean muga bat egon arren, eta bi euskalkitan kantatu arren, elkar osatu zuten hogeita hamar urtez iraun zuen adiskidantza baten bitartez. Haien ereduari jarraituz, orain bi herriak, Zestoa eta Urepele, senidetu egin dira”.

Pako Aristik bibliografia oparo bat aztertu ondoren liburu liluragarri bat ondu du nobela bat bezala irakurtzen dena. Idazlearen dohainez testigantza ederrak jasotzen dira, eta narrazioan txertaturik doazen bertsoen bitartez giro ederra hartzen du lan zirraragarriak. “Bertsozaleentzat ezinbestekoa, baina bertsozale ez direnentzat ere guztiz interesgarria izango den liburua.”

Erein argitaletxeak plazaraturiko lanaren hasierako lerrotan honako hau irakurri ahal dugu: “Uztapide eta Xalbador, Euskal Herri osoan ezagunak eta miretsiak, 30 urtez aritu ziren elkarrekin herriz herri bertsotan, eta gure kulturaren historiako gertakizun garrantzitsu batzuetako protagonistak izan ziren. Haiek sinbolizatu zuten, gainera, bi estatutan zatitua dagoen Euskal Herriaren samina, Ipar eta Hego elkarrengandik urruntzen dituen muga politiko bat dela medio. Muga hori gainditu zuen haien adiskidantzak, hizkuntzaren eragozpenetik hasita, eta askotan kantatu zuten bi lurraldeak batu beharraz, herri bakar bat osatzeraino. Urepeldarrak laburtu zuen bezala: «Herria da gorputza,/ hizkuntza bihotza”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button