
Bihar (hilak 16) abiatuko da belaunaldi berriak ikus-entzunezkoen alorrera hurbilarazteko ahaleginak egingo dituen Lekeitioko Euskal Zine Bileraren 47. edizioa, eta sei egunez Beti berria den zinea lelopean euskarazko zinematografiak emandako lanik ederrenak pantailaratuko ditu.
Film eder asko ikusteko parada eskainiko du jaialdiak, tartean, Amets hegalariak (Arrate Fernandez), Plazer bat (Sonia Estevez), Puzzleak, bortxaketaren jauregia (Kote Camacho), Erro (Amaia Lejarreta), Dena asmatuta dago (Jone Arriola), Alas/tierra (Maddi Barber), Ximinoa (Itziar Leemans), Utländsk (Alba Lozano) eta Betiko gaua (Eneko Sagardoy). Guztira (aipaturiko horiez gain) 20 film lehiatuko dira Urrezko Antzarra lortzeko. Sari hori eskuratzen duenak 3.000 euro hartuko ditu. Eta horretaz gain honako sariak banatuko dira: zuzendaritza onenaren saria (Zilarrezko Antzarra eta 1.600 euro), gidoi onenaren saria (Zilarrezko Antzarra eta 1.600 euro), eta Benito Ansola saria (2000. urtetik aurrera jaiotakoentzat, 1.000 euro) Beste sariei dagokionez, EITB Ikuslearen saria publikoak erabakiko du bere botoekin. Azkenik, 2000. urtetik aurrera jaioetako egileek Benito Ansola saria eramateko aukera izango dute.
Sari horiek nortzuk hartuko dituzten erabakitzeko Ainara Elgoibar artista, Martxelo Rubio aktorea eta Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazlea bilduko dira.
Sari banaketa urriaren 19an egingo dute, 19:30etik aurrera, bertako Ikusgarri zinema-aretoan.
Eta nola ez, euskarazko zinemaz eta filmez gain, proiekzioak, solasaldiak, tailerrak eta abar ondu dituzte antolatzaileek. Aurtengo edizioan bertsolaritza ere protagonista izango da, eta urriaren 18an Bertso-zine gaua antolatu da. Bertan, Xabat Galletebeitia, Onintza Enbeita eta Miren Amuriza bertsolariak eta Ainhoa Urien gai jartzailea izango dira, zinea eta bertsoa hibridatzeko prest.
Denetarik izango du 47. Euskal Zine Bilerak. Bere egitaraua eskuratzeko, sartu zinebilera.eus orrialdean.