
Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak Zinema eta Zientzia zikloaren bosgarren edizioa dute abian. Hil honetan zikloaren azken bi saioak izango dira.
Guztira 50 film inguru pantailaratzen ari dira, eta aurreko edizioetan egin den moduan, zientzialari ospetsuek emanaldien aurkezpenak egingo dituzte. Hitzorduak Tabakaleran, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Donibane Lohizuneko Le Sélect zineman izango dira. Aurten lehen aldiz, Gasteizko Artium museoak eta Iruñeako Golem-Baiona zinemek ere eskainiko dituzte film zenbait.
Gaur saio bat izango da Artium museoan, Contact (Robert Zemeckis, 1997). Ellie Arroway doktorea jatorria izar sistema urrun batean duen mezu posible bat interpretatzen saiatzen ari da. Adimen estralurtar batekiko lehen kontaktu hori baieztatu ondoren, Arrowayk Kitz izeneko segurtasun nazionaleko aholkulari zurrunari aurre egin beharko dio eta, baita ere, fanatiko erlijioso pila bati, gertaera horrek ekarriko dituen ondorioei kontra egiten tematuta daudenez. Seinaleak mezu sinestezin bat du gordea, baina bera ote da dei horri erantzungo diona?
Eta datorren astean, azken saioa izango da bertan, klasiko batekin: La guerre du feu (Jean-Jacques Annaud, 1981). Cromagnon tribu bat beti piztuta dagoen su-iturri baten mendean bizi da, harik eta egun batean sua itzali egiten den arte. Sua berriz pizten ez dakitenez, tribuak su gehiagoren bila bidaliko ditu hiru gerrari. Tribuaren etorkizuna arriskuan dagoenez, gerrariek bidean aurrera egingo dute tribu etsaiez eta piztia ikaragarriz jositako paisaia traidore batean zehar. Bidean, Ikarekin topo egingo dute: emakume horrek dauka haiek bila dabiltzan jakinduria.
Azken bi film horiek non eta noiz ikus daitezkeen hemen kontsultatu ahal duzue.