ESZENA

Bertolt Brechten “Ama Kuraia” lana, Arriaga Antzokian

Aste honetan bertan, urriaren 22tik 24ra, Arriaga Antzokian estreinatuko da Maria Goiricelayak zuzendu duen Ama Kuraia lanaren euskarazko bertsioa (Kepa Errastik burutu du euskararako obrarako egokitzapen lana). Datorren astean, urriaren 29tik azaroaren 1era, gaztelaniazko bertsioaren txanda izango da. Ione Irazabal izango da Ama Kuraia euskarazko bertsioan; berarekin, Ane Pikaza, Eneko Sagardoy, Mikel Losada, Miren Gaztañaga, Iñaki Urrutia, Gabriel Ocina, Alfonso Diez, Idoia Merodio, Aitor Borobia, Adrian Garcia de los Ojos eta Mikel Martinez izango dira antzezleak. Joan den martxoan ezin izan zen lan hori estreinatu, alarma egoera  garaia hartan hasi baitzen.

Arriaga Antzokiak Goiricelayari eman dio ekoizpen-lan propioa aurrera eramateko ardura, eta berak bere gain hartu du erronka, “Brechten estruktura epikoari, izaera errealista duten testuak eta interpretazioa proposamen artistiko garbiarekin eta koetaneoarekin borrokatzen diren mundu distopikoaren barruan eutsiz; gure gerrak horrelakoak direla erakusten duen metafora: gero eta garbiagoak eta teknologikoagoak”.

Lanaren beste ardatz garrantzitsuenetako bat  emakumeak dira, izan ere, “emakumeak beti izan dira gerren alboko kalteak. Ama Kuraia honetan gerrari eta gerrak sortzen duen negozioari buruz egiten da berba, baina ez dira gerrako arma gisa erabiltzen diren bortxaketak ahazten”.

Obraren musika ere aipatu behar da. “Ama Kuraiak Zabala (Jon Aguirrezabalaga) euskal konposatzailearen eta ekoizlearen ekarpena du. Abesti berriak idatzi ditu, eta jatorrizko libretoko zenbait melodia antzezlanaren soinu paisaiara egokitu ditu”.
Horrez gain, Carlos Imaz maisuak zenbait musika eta ahots moldaketa egin ditu eta, hori guztia gutxi balitz, luxuzko beste elementu bat ere aipatu behar da, Urko Sangronizen zuzendaritzapeko Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Koruaren partaidetza berezia.

Martxotik hona etorri da Ama Kuraia. Ikusteko aukera baduzue orain Arriaga Antzokian!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button