MUSIKA

The Scientists eta Kim Salmon australiarren rock pozoitsua

Kim Salmon musikariak zuzendutako The Scientists bandak Azkena Rock Festival jaialdian joko du larunbatean. The Scientists Australiako swamp-rock edo rock zingiratsuaren aitzindaria izan zen 1980ko hamarkadan. Taldea kontzertu horretarako bildu da espresuki.

Emanaldi horretaz gainera, Salmonek bi kontzertu egingo ditu: asteazkenean, Barakaldoko Panorama Pub tabernan eta igandean, Iruñeko Nebula tabernan. Australiarrak oraintsu, My Script bere bakarkako lana berria plazaratu du Santurtziko Bang! Diskoetxearen bitartez.

The Scientists 1970eko hamarkadaren amaieran eratu zen Perth hirian. Garai hartan, taldeak punk-rock eta power-pop doinuak jotzen zituen. 1981ean, baina, bi single eta disko bakarra plazaratu ostean, taldea desegin zen.

Urte berean, halaber, Salmon and Boris Sujdovic-ek taldea berregin zuten, Brett Rixon (bateria)  and Tony Thewlisa (gitarra) musikarien laguntzarekin. Bigarren garai horretan osatu zuen laukoteak swamp-rock estiloa; alegia, blues erritmo primitiboetatik edaten zuen post-punk sinkopatua, The Cramps, Suicide, The Stooges eta Captain Beefheart eredu zituztela.

1987an, taldea behin betikoz desagertu zen, baina Salmonek bakarkako ibilbide luzea egin du, The Surrealists taldearekin, besteak beste.

The Scientists-en itzala hamaika taldetan antzematen da, tartean, Jon Spencer Blues Explosion, Mudhoney edo herrikide dituzten The Drones.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button