IKUS-ENTZUN

Tabakalerak datorren urteko zinema programazio berria aurkeztu du

Tabakalerak datorren urteko zinema programazio berria aurkeztu du. Ekimenarekin bat egiten duten Euskadiko Filmategiak, Donostia Zinemaldiak, Donostia Kulturak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Tabakalerak berak urtarrilean emango diote hasiera zinema denboraldi Nosferatu zikloarekin.

Urtarrilaren 6an, Nosferatu zikloa hasiko da Tabakaleran, eta lehen saioa  Luis Buñuel zinemagile espainiarrari eskainita egongo da. Bere lehen bi filmak proiektatuko dira: Un perro andaluz (Un chien andalou, 1929) eta La edad de oro (L’Âge d’or, 1930). Atzera begirako hori urtean zehar proiektatuko diren 32 filmez osatuta dago, eta Buñuelen bizitzarekin eta lanarekin lotura duten filmak ikusi ahal izango dira.  Zikloarekin batera bi liburu argitaratuko dira, bat gaztelaniaz eta bestea euskaraz.  Jesus Angulok eta Joxean Fernandezek koordinatu dute gaztelerazkoa eta Harkaitz Canok idatzi du euskarazkoa.

Beste aldetik, Donostia Zinemaldiak urte osoko jaialdiaren aldeko apustu estrategikoa egin du: lehiaketaren bederatzi egunetatik haratago joatea eta egutegi osoan garatzea. Hamabi hilabeteko jaialdi izatera pasatzea. Proiektu horretan, Euskadiko Filmategiak, Elías Querejeta Zine Eskolak, Tabakalerak eta Donostia Zinemaldiak elkarrekin lan egiten dute.

2021eko urtarrilean Euskadiko Filmategiak Zinema eta Zientzia zikloari ekingo dio berriro ere, “kultura zinematografikoa eta kultura zientifikoa” helarazteko helburuarekin. Donostia International Physics Center (DIPC) eta Donostia Zinemaldiarekin batera antolatu dute programa, eta film klasikoak eta film berriagoak uztartuko ditu. Ohi denez, emanaldi bakoitzarekin batera, prestigiozko nazioarteko zientzialariek aurkezpenak eta solasaldiak egingo dituzte.

Eta mila kontu gehiago ere: Filmategiak Kimuak 2020 programako film laburrak programatuko ditu; Etxepare Euskal Institutuak Euskadi eta Quebecen artean egiten duen kultur trukea dela eta, 2021eko bigarren hiruhilekoan Euskadiko Filmategiak Quebeceko zinema berrian jarriko du arreta; Jazzinemaren bosgarren edizioko filmak ikusi ahal izango dira; eta aurtengo Fokuak Patric Chiha, Pietro Marcello, Alice Rohrwacher eta Kelly Reichardt izango dira. Eta gainera honako ekimenek ere beren lekua izango dute: Gutun zuriak, Hasieratik. Zinema feministaren historiak, Jatorrizko Soinu Banda, Kameleoiak Gara! eta Zinearen historia etengabea.

Beraz, zinemaz gozatu!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button