ESZENA

Dantza garaikideko ikuskizunak, asteburuan

 

Asteburu honetan dantza garaikideko hiru ikuskizun interesgarri izango dira gurean. Ostiralean, azaroak 15, Robert Jacksonek (Canberra, 1976) Relocated izeneko dantza-lana aurkeztuko du Bilboko Rekalde Aretoan, 20:00etan. Proiektua Eusko Jaurlaritzaren Dantza Bilaka egitarauren baitan dago, eta australiarrak propio ondu du aretoko erakusleihoan aurkezteko. Hortaz, dantza-lana kaletik ikusi ahalko da.

Obrak hamabost minutu iraungo du, eta musika Marc Kanok egin du; Kano bera arduratuko da, gainera, argiztapenaz. Bestalde, ideia, koreografia eta antzezpena Robert Jacksonek ondu ditu. Jackson prestigio handiko dantzaria da; izan ere, Australian Folkloric Company-ko The Dancers Company taldean aritutakoa da, bai eta Sydney hiriko Dance Company-n ere.

Ertza konpainiak, halaber, Act of God lana aurkeztuko du Eibarko Coliseo Antzokian, 20:30ean: emanaldia Dantza Garaikidearen IX. Zirkuituaren baitan dago: “Gauzen zergatia haurren seta eta xalotasunarekin galdetzen dutenen begiradan kokatzen da Act of god. Zer da komenigarriago, drama ilunari etsipen kristauarekin behatzea, ala datorrenari umore beltzarekin heltzea?”.

Larunbatean, azaroak 16, Krego-Martín Danza-k Basura space-Spaceko zarama obra taularatuko du Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean, 17:00etan.

Koreografiaren autoreen hitzetan, “proiektu honi dagokionez, oso erakargarria da kosmosaren poetikatik hitz egitea; horretan, materia, espazioa, denbora eta beste kontzeptu batzuk dantzaren hizkuntza bezainbeste erabiltzen dira. Unibertso infinitu baten zati gara”.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button