
Willis Drummond eta Cobra taldeek Gernikako Iparragirre Rock Elkartean joko dute larunbatean, 21:30etik aurrera. Willisek Tabula rasa lana aurkeztuko du; metal bandak Riffyard.
Willis Drummondek hasiera berri bati heldu dio Tabula rasa izeneko diskoaren bitartez. Haustura horretan sakontzeko, Joseba B Lenoir taldekide finko fitxatu dute, eta estreinakoz, ekoizle batekin aritu dira estudioan, Burke Reid (The Drones, Courtney Barnett…), zeinak A ala B nahastu zuen. Diskoa garai berri baten emaitza da, aldaketez josia. “Fase berriek beldurra sorrarazten dute, baina ez da gure kasua, pozik baikaude”.
Bestalde, Cobra bandaren arabera, “Orain dela hilabete batzuk ideia, riff edota intentsitate desberdinekin lanean hasi ginen. Beti hunkitzeko gaitasuna duten abestien atzetik. Norabide jakinik gabeko prozesu horretan murgildu ohi gara, asko gozatzen dugun bidaia horretan. Ahalegin eta ilusio askoren ondoren, hirugarren diskoa bukatutzat eman dezakegu.”
Diskoa hainbat estudiotan jaso dute: Estudios Uno (Madrid), Ultramarinos Costa Brava (San Feliu de Guixols), REC Grabaketa Estudioa (Donostia) eta Koba Estudios-en (Bilbo) grabatu dute, nahasketaz, baina, teknikari bakarra arduratu da: Santi Garcia (No More Lies, Standstill, Toundra, Moksha…).