
Beldurrezko eta fantasiazko zinemaldia abenduaren 16tik 18a bitartean ospatuko da Azpeitian. Filmak ez ezik, jarduera asko ere izango dira, tartean, Unicorn Wars eta Mad Heidi film luzeak, K-sariak laburren lehiaketa, Txatar eta Asgarth taldeen kontzertuak eta haurrentzako makillaje eta marrazketa tailerrak.
Zinemaldia abenduaren 16an hasiko da 19:00etan, 1987an estreinatutako Hellraiser beldurrezko film klasikoarekin eta K-sarietarako laburren emanaldiarekin, Soreasu Antzokian. Bertan, animaziozko edo fikziozko euskal film labur onena sarituko da eta sariduna 2023ko Donostiako Zinemaldian K-sarien sailean eskainiko dute.
Larunbat goizean film laburren emanaldia izango da, 10:30ean hasita, Soreasu Antzokian. 12:00etan, berriz, animaziozko film laburrak eskainiko dira. Arratsaldean, berriz, Unicorn Wars eta Mad Heidi filmak eskainiko dira Soreasu Antzokian, 16:30ean eta 18:30ean.
Larunbat gauean musika izango da protagonista, eta Asgarth eta Txatar heavy metal taldeak ikusteko aukera izango da Sanagustin kulturgunean, 22:30ean hasita.
Igande goizean, haurrentzako makillaje eta marrazketa tailerra errepikatzeaz gain, ekitaldi-sorpresa bat ere eskainiko da. Ekintza berritzaile eta digital honek haurrak ez ezik, helduak ere ahoa bete hortz utziko ditu. Ekimenak 11:00etan Sanagustin kulturgunean hasiko dira.
Gehiago jakin nahi baduzue: Hator Hator Horror Fest