
Joxean Elosegik itzuli du Irene Solà idazlearen lan berria. Alberdania argitaletxeak honako hau adierazi nahi izan du lan berriaz: “Ohiturik gauzkan bezala, hitz-jarioaren eman lasaia, erritmoaren eta umorearen zentzu bizia, ausardia formala eta irudipeneko giroak aurkezteko eta pertsonaiak hezurmamitzeko gaitasun aparta zurkaitz eta gidari dutelarik, hona hemen Irene Solàren nobela berria, argiaren eta ilunpearen, bizitzaren eta heriotzaren, ahanzturaren eta oroimenaren, errealitatearen eta alegiaren arteko bitasuna eta, aldi berean, batasun mina kontagai bihurtu dituen istorio uholde ezin joriagoa, ezin ederragoa.”
Egileak berak ere hala esan du: “Nobela honetan lanean hastean jakin nuen lehenengo gauza izan zen istorioaren erdian deabruarekin itun bat zegoela. XVI. mendearen amaieran, Joanaren pertsonaiak arima saldu zion deabruari, gizon oso baten truke, baina gizon horrek oinordekoa izan behar zuen, eta lur zati baten eta sabai zati baten jabe. (…) Gero, asteak, hilabeteak eta urteak eman nituen lanean, eleberriaren barruan bizi nintzen bitartean eta kontakizunari entzuten eta forma ematen ikasten nuen bitartean, eta orduan ulertu nuen (eta erabaki nuen) liburu hau garaikidetasunean gertatzen dela, egun bakar batean, eta Guilleriesen masia batean kokatzen dela, Mas Clavell-en. Etxe horretan, Bernadeta hiltzen ari da; oso emakume zaharra da, ezinezkoaren mugaraino zaharra, hain zaharra, non ez baitaki zenbat urte dituen, kontua galdu duelako. Liburua kokatzen den eguna Bernadetaren bizitzako azken eguna da. Baina bere beilan daude XVI. mendearen amaieratik masia horretan jaio, bizi eta hil diren emakumeak, haien senideak, etxean bizi diren mamuak edo espirituak, eta denak ari zaizkio festa bat prestatzen.”
Berea ere bada Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak (Alberdania, 2020) eleberria, zeinak zenbait sari jaso dituen, tartean, Europar Batasuneko Literatura Saria.