IKUS-ENTZUN

“Begi Belarri”, ikus-entzunezkoen zikloa, Gasteizen

Aste honetan abiatuko da GEU Elkarteak eta Oihaneder Euskararen Etxeak antolaturiko Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloa. Apirilera bitartean eta hilean behin, euskarazko dokumental bat eta horren osteko solasaldia eskainiko dira, 19:00etan, Oihaneder Euskararen Etxean.

Urtarrilaren 13an izango da lehen emanaldia: Lander Garro zuzendariaren Bi urte, 4 hilabete eta egun bat. 1990 hamarraldiko derrigorrezko zerbitzu militarren kontrako mugimenduaren azterketa bat egiten da lan horretan: politikoa, soziala, eta intimoa. Dokumentala ikusi ondoren solasaldia egingo da Gasteizen talde antimilitaristetan intsumisioaren mugimenduan ibilitako lagun ezberdinekin: Luis Zulaika, Susana Correal eta Asis Iriondo.

Hurrengo saioak honakoak dituzue: Otsailaren 10ean, Erraiak filma (irrintziarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzak jasotzen ditu); martxoaren 10ean, Caminho Longe (Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiak etxera itzultzeko bideari ekingo dio); eta apirilaren 14an, Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa (Solasaldian Bertha Gaztelumendi zuzendaria eta Sabino Ormazabal gidoilaria izango dira).

Emanaldi guztiek bi atal izango dituzte: alde batetik, film-dokumentala proiektatuko da eta bestetik, filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egingo da.

Gogoratu, eserlekuak mugatuak dira eta gonbidapenen bitartez lortzen dira.

Informazio guztia Oihaneder Euskararen Etxean edota GEU Elkartean topatuko duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button