BESTELAKOAK

Little Victor, blues gehiago Donostian eta Urretxun

Amerikako Estatu Batuetako Memphis hiriko Little Victor blues musikariak Donostiako Be Bop tabernan joko du gaur, apirilak 26. Bihar, apirilak 27, Urretxuko Motz tabernan ere izango da.

Little Victor gazteak hamasei urterekin ikasi zuen harmonika jotzen Memphis hiriko blues giroko Beale Street kale mitikoan. Harrezkeroztik, makina bat disko grabatu ditu eta blues musikari handienekin jo du. Gitarra jotzaile bikaina da, gainera.

Estatubatuarrak argitaratu dituen diskoen artean 2011n Espainiako El Toro diskoetxeak plazaratutako Boogie All Night azpimarratu behar da. Bertan, blues zaharraren aldaera ilunenak jorratzen ditu, hala nola, blues zingiratsua Iraq Blues doinuan, diskoari izena ematen dion rockabilly kutsuko pieza, edo Excello diskoetxeko oihartzunak gordetzen dituen Swamp Twist instrumentala. Kantu guztietan blues maisua dela erakusten du.

Phoenix hirian grabatua Kile Harris teknikariaren laguntzarekin, Johnny Rapp, Mario Moreno, Bill Tarsha, Brian Fahey, Bob Corritore, Dave Forster eta Sophie Kay musikariek parte hartu dute grabazioan.

Herrikide duen Tav Falco musikariaren aburuz, “Little Victor-en swamp-tonk soinuak Rio Grandetik Parisera ezagutzen dira, eta buelta. Hortaz, adi zure herri zoriontsuari, lagunok…. Little Victor herrira dator-eta”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button