IKUS-ENTZUN

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 13. edizioa prest

Mendiko zinemagintzarik onenaz gozatzeko aukera luzatzen duen BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 13. edizioa abenduaren 4tik 13ra egingo da. Gaur goizean aurkeztu dute ekimena Bilbon.

Argi dagoenez, aurtengo edizioa oso berezia izango da pandemiaren erruz, eta jaialdia erabat baldintzaturik egongo da. Aurtengo edizioa Bilbon bertan gauzatuko da aurrez aurreko emanaldiekin, baina hirira ezin etor daitezkeenentzat online eskaintza ere programatu dute antolatzaileek.
Betiko legez, hiriko hiru aretotan zabalduko da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia: Euskalduna Jauregia, Golem zinemak eta BBK Aretoa. Eta bizi ari garen egoerari erantzuteko, emanaldi gehiago burutuko dira egun horietan guztietan. Hala, Euskalduna egoitzan 10 egunez saio bana eskainiko da bertan; Azkuna Zentroko Golem Zinemetan, iazko saio kopurua ia bikoiztu egingo da, 13tik 22 saiora handituz; BBK Aretoan guztira 9 saio eskainiko abenduaren 5etik 13ra egunero bana. Beraz guztira 41 saio programatu dira 13. ediziorako, iaz baino bat gehiago.

Eta diogun bezala, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Sail Ofizialeko film guztiak online ikusi ahal izango dira aurten: “Vimeo sare sozialak eskaintzen duen plataformako on demand edo alokairu formula erabilita, Sail Ofizialeko 54 filmen pack osoa, gaitegien araberako film multzoak, edo filmak banaka erosi ahal izango dira”.

Eta horrez gain, festibaleko beste hainbat eduki ere online eskainiko dira Mendi Film sare sozialen eta MendiTV kanalaren bidez, hala nola, zinemaldiko hitzaldiak, mahai inguruak, liburu aurkezpenak, sari banaketa…

Aurten mendia, abentura, eta natura gaiak jorratzen dituzten 57 film ikusi ahal izango dira, eta horietariko asko estreinaldiak izango dira. Horiek dira aurkeztu diren 175 filmetatik (36 herrialde) aukeratu direnak.

Aurten, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdian WOP- The Walk On Project Sariarekin Baltistan Fundazioa sarituko da, abenduaren 5ean, Euskaldunan egingo den ekitaldian.

Horretaz gain hainbat liburu ere aurkeztuko dira, hala nola, Iñurrategi Anaiak, Mendiari Bihotz Emanak (Sua) edo Juanjo San Sebastianek idatzitako Cuanto Es Mucho Tiempo. Retazos Del Camino.

Hori guztia, pelikulen sinopsiak, ordutegiak eta bestelako xehetasunak, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiak ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button