BERTSOTAN

Basarriren urteurrenean, bere omenezko erakusketa

Basarriren urteurrena dela eta, haren omenez, bertsolari eta kazetariaren jaiotzaren egunarekin bat eginez, erakusketa antolatu dute Zarautzeko Sanz Enea kultur etxean.

Eusko Ikaskuntzak eta Zarauzko Udalak elkarlanean prestatu duten erakusketan lau atal nabarmentzen dira, bakoitzak areto bat hartzen duelarik. Lehenengoan, argazkien bidez, Basarriren bizitza laburtzen da nolabait: Errezilen sortu, lehen urteotan Zarautza heldu, Azken Portuko taberna eta lagunak, Euskal Pizkundea eta orduko bidelagunak, Zarautz, Gure Kabiya, eta abar.

Bigarren aretoan Basarrik bertsolaritzari egindako ekarpena ikus daiteke. Argazkiak ez ezik, Basarrik argitaratutako liburuak eta gerraostean antolatutako lehen bertso txapelketetako garaikurrak ere biltzen dira erakusketan.

Hirugarren aretoan Basarri kazetariaren lana nabarmentzen da. Bai idatzitako euskarazko kroniketan, bai kirol kazetari gisara egindako lanetan, eta baita irratigintzan ere.

Azkenik, Euskaltzaindiak, Zarauzko Udalak eta beste hainbat erakundek egindako aitortzak, omenaldiak, liburuak eta gainerakoak biltzen dira. Bertan, Basarriri buruzko dokumentalak, Basarriri egindako elkarrizketak eta irudiak eta bertsoak entzuteko eta ikusteko aukera izango da egunero.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button