IKUS-ENTZUN

“Laburrean 2017” ekimena, Sopelan

Bihar, urtarrilak 13, Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, Laburrean 2017 saioa ondu dute egungo euskal zuzendarien onenen lagin interesgarri batekin. Emanaldia 20:00etan hasiko da.

Aitor Gutierrezen Ulises, Kepa Sojoren (Kimuak 2016) Hileta, Las chikas de Pasaik kolektiboaren (Kimuak 2016) Gure hormek eta Ivan Sokoloven Anónimo proiektatuko dira. Film labur emanaldiaren ostean, Amaia Kaiero kazetariak gidatuko duen mahai-ingurua egingo da, eta Aitor Gutierrez, Kepa Sojo eta Ivan Sokolov zuzendariek hartuko dute parte.

Ulises lanean hauxe kontatzen da: 54 urte bete dituen Ulises Cespedes bakartia, gogoetazalea eta mesfidatia da. Plan bat dauka: hotel batean ostatatu eta beste pertsona batzuetaz mozorrotzea. Hala ere, ez du bere helburua lortuko. Hoteleko langileak engainatuko ditu baina bere burua ez. Lan horrek zuzendaritza hoberenaren SGAE Fundazioa Saria jaso zuen Zinebi 2016an.

Kepa Sojoren Hileta filmean, Mikel Martikorenaren emazte gaztea hil da, eta  hil-beila egiten ari dira. Herriko indar biziak bertaratu dira, baina familiako patriarka Martinek kezka bakarra dauka: Joanes bere seme ertainaren desagerpena, teologia ikasi ostean mendian baitabil burua galduta, hildakoen berpiztea predikatzen. Filmak hainbat sari eskuratu duzu: Euskarazko Film Labur Onena Korterraza jaialdian, eta Euskarazko Mintzagun Film Labur Onenaren saria Ikuska, Pasaiako Nazioarteko Film Labur Jaialdiaren barruan, bai eta Zaragozako Zine Jaialdiko Fikziozko Film Labur Onenaren saria ere.

Gure hormek filmak maite ditugunak omentzen ditu. Etxekoandreen auzoa. Insomniodun. Emakumeen barrutia. Ama Ezezagunaren kioskoa. Emakume Bakarren lurpeko pasabidea. Ohorezko GAC saria Gidoi Onenari, Bartzelonako L’Alternativa, Festival de Cinema Independent jaialdian. Eta Zinebi eta Cortada jaialdietan ere saridun.

Anónimo lanaren sinopsia hauxe da:  Itxaropen telefonoaren boluntario batek bere buruaz beste egin nahi duen baten deia jaso du. Azken horrek bizitza osoan zehar ezkutatu duen sekretu baten berri eman nahi dio.

Zinearekin gozatzeko aukera paregabea, Sopelan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button