LITERATURA

Poesia errezitaldia Larrabetzun Leire Bilbao idazlearekin

Hori Bai gaztetxeak antolatzen duen Kultura Hamabostaldiaren egitarauarekin bat eginez, Literaturaz berbetan irakurleen biltokian poesia errezitaldia izango da gaur Leire Bilbao idazlearen eskutik. Scanner bere azken laneko poemak irakurriko ditu, gaur, 20:00etan, Hori Bai gaztetxean.

Scanner ondarrutarraren bigarren poemarioa da (Ezkatak izan zen lehena) eta antza denez, lehenengoaren aldean ausartagoa da gaietan eta formetan.
Sei ataletan egituraturiko liburua identitatearen inguruan ardaztu du Bilbaok. Lehenbiziko atalean, Amaz erditu naiz izenekoan, familiaz ari da. Bigarren zatian, Paperezko deiak, sorkuntza, literatura eta idazleei buruz mintzatu da. Hirugarrenari Galdera bat da gorputza izenburua jarri dio. Zakurrak labadoran surrealistena da eta Asfalto gosearen atzean, azkena dator, Elurraren isiltasuna.

Lana borobiltzeko eguneroko elementuak erabili ditu, tartean liburuari izenburua ematen dion tramankulu elektrikoa. “Gaur egun, hemen eta orain dagoen norbanako batez ari da liburua, horren identitateaz eta identitate hori osatzeaz. Emakumea naizen aldetik, batzuetan emakumearen ahotsa nabarmen agertzen da”, idazleak Berria egunkariari adierazitakoa da hau.

Eta urtarrilaren 19an Twist liburua izango da berbagai Harkaitz Canoren bisitari esker.



Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button