ESZENA

“Dublindarrak” antzezlanaren erabateko estreinaldia, Arriaga Antzokian

Garbi Losadak zuzenduriko James Joyceren Dublindarrak lan klasikoa oholtza gainean ikusteko aukera paregabea izango da hilaren 26an, Arriaga Antzokian. Literatura unibertsaleko kontakizun hoberenetakoa izan arren, antzerkirako oso gutxi jaso ditu liburu horrek.

James Joyceren Dubliners lan klasiko ederra John Hustonek eraman zuen zinemara modu bikainean. Orain, Garbi Losadaren zuzendaritzapean, Ados Teatroak moldatu du Asier Hormaza, Iñake Irastorza, Klara Mendizabal, Asier Sota, Naiara Arnedo, Aitor Beltran, Isidoro Fernandez eta Lierni Fresnedo artisten bidez bestelako gorputza eta giroa emateko.

Liburuaren trama Dublinen kokatzen da, 1904. urteko Errege egunean. “Adin eta sexu desberdineko maila ertain-altuko pertsonaia batzuk Morkan andereñoek bere egoitzan urtero antolatzen duten afarira iristen dira. Morkan andereñoak musika irakasleak dira eta gau-jaiak kutsu musikazalea dauka. Giroa ezin hobea da. Kanpoan elurra ari du baina barrukaldean etxe-giro goxoa, janari atsegingarria, ohitura onak, lasaitasuna, anaitasuna eta umore ona arnasten dira. Gonbidatuen artean Gabriel (anfitrioien iloba) eta bere emaztea Gretta daude. Guztiak afari eta gau-jai zoragarriaz disfrutatzen ari dira. Gaua bere bukaerara iritsi eta Gabriel eta Gretta alde egiteko puntuan daudenean, abesti bat entzuten da eta emaztea tristuraz betetzen da bat batean, gazte garaiko maitasun galdu bat gogora datorkiolako. Hildako batenganako maitasuna da, bere bizitza osatu duten beste gertakizun eta sentimendu guztiak baina indartsuagoa den maitasuna”.

Urtarrilaren 26an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera izango da emankizuna, baian halaz ere, aurreko bi egunetan, urtarrilaren 24an eta 25ean, bi funtzio eskainiko dira goizez, 11:00etan, ikasleei zuzendutakoak batez ere, baina ikus-entzule guztientzat irekitakoak. Gainera, emanaldi bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago, antzezlana mintzagai izango duen solasaldia eskainiko du Zenbat Gara Elkarteko Xabier Monasteriok. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button